Koronabirusa

Asparrenak elkartasunezko 40 kit banatu ditu

Erredakzioa 2020ko api. 7a, 13:06

Berrogei kit prestatu eta banatu dituzte herritarrek. / Asparreneko Udala

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen babesa bermatzeko, latexezko eta binilozko eskularruak eta maskarak banatu dituzte Asparrenean, baita 3D pantailak ere.

Joan den astean ohartarazi zuen Asparreneko alkate Txelo Auzmendik etxez etxeko laguntza zerbitzua "segurtasun eta prebentzio ekipamendurik gabe" ematen ari zela, langileen eta erabiltzaileen salaketaren ostean.

Asparreneko herritarrek zerbitzuaren baldintza eskasak ezagutu ondoren abiatu dute ekimena; prebentzio materiala bildu eta borondatez eman dute: latexezko eta binilozko eskularruak zein maskarak, eta baita bizilagun batek bere inprimagailuarekin etxean egindako 3D pantailak ere.

Bildutako materialarekin 40 kit egin eta banatu dira etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen artean. Osasun zentroan ere materiala utzi dute, osasun langileen eskura.

Ekimen herritarra

"Erabiltzaileek beraiek ohartarazi zioten Udalari segurtasun falta sentitzen zutela", zehaztu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak. Izan ere, alkateak azaldu duenez, egunean bost etxebizitzatik pasa daiteke langile bat, eta, orain arte, ez zuten eskularru, maskara edo amantala nahikorik segurtasuna bermatzeko.

Gainera, ekimen honekin materiala eskaintzeaz gain, bakarrik ez daudela sentiarazi nahi diete erabiltzaileei: "Zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresek egiten ez duten bitartean, herritarrek pertsona ahulenak babesteko prest daude", ospatu du Auzmendik.

Alkatearen arabera, zaintzaren aldeko zereginetan "aurretik joaten" dakiela erakutsi du gizarteak, eta nabarmendu du "sare naturala" dela hurbilena, "gabeziak ikusten direnean aktibatzen eta funtzionatzen duena".

Azkenik, Auzmendik salatu du etxez etxeko laguntzaren gizarte zerbitzua "ahaztuta eta behar adina hornitu gabe" egon dela, eta udal txikien lana goraipatu du, hurbileko errealitatea ezagutzeagatik egoerari erantzuten jakin dutelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago