Ehun urteko haritzen eta Zadorrako iturrien bide berdea Europako Natura 2000 sarean dago. Bertan, Munain eta Okariz artean, toki zoragarri bat dago; bost mende baino gehiago dituzten 508 zuhaitz, eta horien artean 1.500 urtetik gorako zuhaitzen bat ere bada.
1995. urtean, Zadorra ibaiaren ibilbidean ikerlanak egiten ari ziren bi naturalistek haritz erraldoi bat aurkitu zuten, ustekabean. Inguru guztia arakatu ondoren, sasien artean, askoz ere haritz gehiago zeudela ikusi zuten. Bertako nekazariek eta abeltzainek ondo ezagutzen zuten tokia, baina ordura arte ez zekiten Iberiar Penintsulako eta, ziur aski, Europa osoko basorik zaharrenetako bat eta interesgarrienetako bat zela.
Biodibertsitate handia
Basoaren biodibertsitateak ere harritu zituen ikertzaileak. Izan ere, 2008. urtean, ehun urteko haritzei lotutako 103 kakalardo espezie katalogatu ziren. Bi "lehentasunezkotzat" jo dira Europako habitaten zuzentarauan eta hamahiru ez dira apenas ezagunak Penintsulan. Hogeitik gora espezie berri ere aurkitu zituzten ikertzaileek. Briofitoetan –lorerik, hodirik eta sustrairik gabeko landareak–, 92 goroldio-espezie eta 19 iratze katalogatu zituzten. Asko interes handikoak dira, eta gainera, sei mehatxupean daude.
Europako baso askotan daude eremu horretakoak bezalako zuhaitz zaharrak, baina ez da batere ohikoa hain toki txikian –Munain-Okarizko basoak 385 hektarea ditu– hainbeste haritz eta hain zaharrak egotea.
Europa osoko basorik zaharrenetakoa da Munain-Okarizkoa.
Koronabirusaren krisia igaro ondoren, beraz, aukera ederra da Lautadako txoko honetara txango lasaia egitea. Inguruan bisita egiteko, Arabako Foru Aldundiak seinaleak dituen bidezidor bat atondu du, Munaindik abiatzen dena. Bidezidorra PR marka zuri eta horiekin seinaleztatuta dago.
Haritz motzak
Basoak Arimotxes izena du Munaingo eremuan eta Arimotxis izenarekin ezaguna da Okarizko lurretan. Izenek arbolak ustiatzeko modu tradizionalari aipamena egiten diote. Izan ere, antzina, mendi hauek zura ateratzeko erabiltzen ziren eta adarrak altuera jakin batean mozten zituzten, zuhaitzei argimutilaren forma emanez. Hortik dator arimotx izena: haritz motza.
Zadorraren iturburua
Munain eta Okariz herrien arteko ibilbideari jarraituta, gainera, Zadorraren iturbururaino eta Peña Roja mendiraino luzatu ahal da ibilbidea. Arabako ibai nagusia da Zadorra, herrialdean arrorik handiena duena. Entziako mendilerroan jaio da, Los Corrales izeneko iturrian, Donemiliagako udalerrian. Iturburua atzean utzi ondoren, Entzia mendilerrora igotzen jarraituko genuke eta minutu gutxiren buruan Peña Roja gailurrera iritsiko ginateke (1.067 m).