Frantziako Derichebourg enpresen multzoak Lajo y Rodriguez, S.A. (LYRSA) erosi zuen urtarrilean. Salerosketaren dokumentazioa izkutatu zaiela salatu dute Araiako fabrikako langileen ordezkariek; hala ere, sozietate frantsesak bi urtez plantillari eusteko konpromisoa hartu zuela dio LAB sindikatuak.
Hala ere, gutxienez bi langile kaleratuko dituela salatu dute. Sindikatu abertzalearen arabera, enpresan 24 eta 10 urte zeramatzaten langile hauek, eta orain, arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu zuzendaritzak erabakia hartzeko. Gainera, erabakia Covid-19ak eragindako krisiarekin lotzen duela dio sindikatuak.
2017tik enpresak zortzi milioi euro baino gehiago dibidenduetan banatu dituela ziurtatu du LABek, merkataritza erregistroaren datuen arabera.
Kaleratze hauen ustezko benetako arrazoia mahai gainean jarri du sindikatuak: "Irabaziak hobetu nahi dituzte denbora gehien daramaten eta soldata hobeak kobratzen dituzten langileen kontura; horrela langile berriak kontrata ditzakete miseria bat ordainduta".