Dulantziko eskolara hurbildu zen ALEA iragan ostiralean, antolatu duten bigarren zuhaitz landatzera. Ikasketa buru Gladys Martinezek egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.
"Orain komunikabideetan pil-pilean dago aldaketa klimatikoaren gaia, eta ikasleek hori ikusten dute", azaldu du Martinezek. Ikasleak hori aldatzeko gai direla ikusarazteko, ostiralero klase bakoitzak ekimen bat egingo du klima aldaketari aurre egiteko. Hainbat ekintza egin dituzte orain arte, eta zuhaitzak landatzeaz gain, herria garbitzen ere egon direla azaldu du ikasketa buruak.
Kontzientziazio kanpainak ere ez dira falta, herrian sortzen den zaborraren edota eskolara oinez joateko beharraren inguruan; besteak beste, pankartak jarri dituzte herrian zehar, eta oihalezko poltsak egiteko logoak diseinatu dituzte.