Lautadan izan diren norbanako euskaltzalez osatutako ohiko elkarte antolaketatik "beste zerbaitera bide bat" egiten ari dira 2016. urtetik. Taldea jarri dute erdigunean, hizkuntza ohiturak ulertzeko eta aldatzeko sistema eraldatzaile bezala: hain justu ere, herriak, kolektiboak, establezimenduak eta lantegiak bezalako entitate egituratuak, batetik; eta bikoteak, familiak edo lagun-kuadrillak, bestetik. Horiek guztiak artikulatzea du helburu nagusi Lautadako Euskararen Komunitateak, hizkuntzaren erabilerako baldintza sozial aproposak sortzeko.
Lautadak 13.000 biztanle inguru ditu. XVIII. mende amaierara arte euskararen erabilera zabala bazen ere, XX. mendearen hasieran guztiz desagertu zen. 1970. urtean, herriaren ekimenez, euskararen berreskuratze lanak abiatu zituzten: Agurainen ikastola eta euskaltegia martxan ipini zuten, adibidez. 2009an, eskualdeko Euskara zerbitzua abian jarri bazen ere, hurrengo urteetan, biztanleen %45ak oraindik ere ez zuen euskara ulertzen, eta erabilera datuek ere baxuak izaten jarraitzen zuten: herritarren %5ak baino ez zuen erabiltzen.
Hala, euskalgintzan autokritika egin zuten, ordura arte egindako egitasmoek ez zutelako aurrera pausu nabarmenik ekartzen. Egoerari buelta eman nahian, Donostiako Egia auzoan egindako ariketa bat erreferentzia hartuta, Agurainera egokitzea erabaki zuten 2016ko hasieran.
Azarorako Agurainen 75 Ordu Euskaraz ariketa kolektiboa antolatzea erabaki zuten. Arrakasta erabatekoa izan zen.
Aguraingo 284 lagunek konpromisoa hartu zuten lau egunetan gaztelania ez hitz egiteko, eta, era berean, 134 entitatek neurriak hartu zituzten euskarari bidea emateko.
2017ko urria
2017an, indarberrituta, ariketa errepikatzeko gogoz, lantalde bat izan zen lanean hurrengo aktibazio ariketa prestatzen. Lautadako 63 herriak kohesionatzeko 12 bilera egin zituzten uda partean eta proposamen zehatza ere bota zuten: 2018an, 11 Egun Euskaraz (Euskaraldia) antolatzea, eskualde mailan. Batzarretan jasotako interesa ikusita, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu zuen Lautadako Euskararen Komunitatea 2017ko urriaren 19an elkartu zen lehendabiziko aldiz: 38 herrien parte-hartzearekin eta 20 kolektiborekin: guztira, 107 lagun.
Bertan, ondorengo erabakiak hartu zituzten, besteak beste: 2018an, Ahobizi eta Belarriprest metodologia sustatzeko kolektiboak, establezimenduak, enpresak eta herriak komunitate horren partaide izango ziren eta 11 Egun Euskaraz ekimena modu koordinatuan antolatuko zuten, eskualdeko zortzi udalekin, kontzejuekin eta kuadrillarekin elkarlanean. Horretarako, liberatu batek eta 100 boluntario inguruk osatutako sare bat eratu zuten.
Euskaraldian, 1582 lagun
2018an Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egin bazen ere, urte osoan zehar aritu ziren lanean eskualdean. Hamaikakoak eratzearekin batera, Ahobizi eta Belarriprest rolak aukeratzeak zer suposatzen zuen azaltzeko tailer asko egin zituzten herri askotan, hala nola, Burgun, Agurainen, Dulantzin, Gereñun, Narbaxan, Eturan edo Etxebarri-Urtupiñan. Mahaiak ere kalera atera zituzten, Euskaraldiari buruzko xehetasunak hurbiletik azaltzeko; eta hori guztia osatuz, egoitza bat ere inauguratu zuten, Agurainen.
Denera, 1.582 lagunek eman zuten izena: 828 Ahobizi eta 754 Belarriprest izan ziren Lautadan.
Denera, 1.582 lagunek eman zuten izena: 828 Ahobizi eta 754 Belarriprest izan ziren Lautadan. Kuadrilla bera, zortzi udal, 51 batzar administratibo eta 155 entitate pribatu izen-emate arrakastatsu horren parte ere izan ziren.
Euskal Herri mailan 2019/2020rako egindako proposamenaren ondorioz, komunitatearen egitura mantentzea erabaki zuten Euskaraldia amaitu ostean, baita beharrezkoa den instituzioekin elkarlanean jarraitzea ere.
Beste inork baino lehen, 2020rako aurreikusitako ariketa sozialak izango duen ezaugarriekin (ariguneak, entitateak) zazpi eguneko Simulakroa antolatu zuten 2019ko urriaren 21tik 27ra. Zazpi egun horietan, Ahobizi eta Belarripresten hizkuntza-jokaerak praktikara eramateko aukera izan zuten berriro ere; elkarrizketa elebidunak normal bihurtzea; ezezagunei euskaraz defektuz egitea, jakingo duen ala ez pentsatu gabe; eta euskaldunak eta erdaldunak dauden taldeetan normala izatea euskaraz egitea ulertzen dutenen artean.
Horrez gain, Lautadan herritarrei edo bezeroei zerbitzu bat ematen dieten 135 entitatetan egin zuten bisita; erakunde horietan konpromisoa hartu zuten bezeroei arreta emango zien Belarriprest edo Ahobizi bat egongo zela uneoro. Arigune hauetan erraztasun praktikoak ematen zizkioten Belarriprest edo Ahobizi zenari; hain zuzen ere, hori baita Euskaraldiaren helburuetariko bat.
Simulakroa ez zen ekimen bakarra izan. Azaroaren 28an bigarren bilkura orokorra egin zuten; Dulantzin izandako batzarrean 36 entitatetako arduradunak eta 38 herritako ordezkariak bildu ziren. 111 lagun. Orain artekoa aztertzearekin batera, datozen bi urtetarako lan ildoak onartu zituzten.