Euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez, errealitate oso ezberdinak dituzten herrietakoak dira Ainhoa Arbaiza eta Noemi Garcia de Iturrospe; lehenengoa aguraindarra da; eta bigarrena, berriz, burguarra. Baina biek bat egiten dute Lautada mailan sare bat osatzearen garrantzia azpimarratzean, eta egoerak bateratzearen eta herri guztietan gutxieneko batzuk bermatzearen beharra nabarmendu dute.
Zer nolako balorazioa egiten duzue Dulantzin egindako batzarraz?
Ainhoa Arbaiza: Partaidetzatik hasita, oso positiboa, irudia ederra zen. Argazki bat guretzat oso garrantzitsua da, horren bila gindoazen, eta lortu genuen. Kontuan hartu behar da gu ez garela Noemi eta Ainhoa bakarrik, irudian agertzen diren guztiak gara. Horrekin batera, ekainean martxan jarritako hausnarketaz jardun genuen eta datozen urteotarako erronkak ere bota genituen. Balorazioa, hortaz, oso positiboa da.
Noemi Garcia de Iturrospe: Batetik, azken bi urteotan egindako lanak azaldu genituen; agerian geratu zen lehengo asanbladatik gaur arte aurrera jarraitu dugula. Bestetik, bat nator Ainhoarekin: argazkiak erakusten du berme bat dugula.
Lautada mailan saretzea lortu duzue. Hori al da lorpen garrantzitsuena?
A. A.: Bai. 2017. urteko uda horretan herriz herri hasitako bileretan sustraitu zen hau guztia: herrien arteko harremanak, bata besteari aurpegia jartzea... Urriaren 19an sortutako Lautadako Euskararen Komunitatea ere funtsezkoa izan zen.
Lautadan geografiak ez du gehiegi laguntzen, punta batetik bestera kilometroak daude eta herriak oso desberdinak dira. Zentzu horretan, sarea oinarrizkoa da.
Lorpenez gain, beharren gainean ere jardun zenuten, ezta?
N. G. I.: Herri bakoitzaren egoera oso ezberdina da. Esaterako, 2017ko udan, Burgun egindako bilera hartan oso gauza gutxi nekien Agurainen 75 Orduz Euskaraz ekimenari buruz, eta handik aurrera hasi nintzen tokian tokiko egoerak ezagutzen. Horren ezberdinak direnez, beharrak ere askotarikoak dira. Baina, erronketako bat da egoerak bateratzea eta herri guztietan gutxieneko batzuk bermatzea.
A. A.: Bestalde, komunitateari izaera juridikoa eman nahi diogu. Orain arte, Aguraingo euskara elkartearen izaera juridikoa erabili dugu hitzarmenak sinatzeko eta diru-laguntzak eskatzeko, baina hau aurrera doa.
LEK (Lautadako Euskararen Komunitatea)-a bezala bataiatu dugunari izaera propioa eman behar diogu, eta moldatze lanetan gabiltza.
Bilkuran bi lan izango dituen egitasmoa onartu zenuten. Zeintzuk dira horiek?
N. G. I.: Batetik, komunitatea antolatzea eta eguneroko harremanetan, talde egituratuetan eta informaletan, hizkuntza ohiturak aldatzeko eraginkorrak diren eta ikertuta dauden Eusle, Ahobizi-Belarriprest edo Ulerrizketa metodologiak erabiltzea, Euskaraldiari begira nahiz Euskaralditik kanpo. Bestetik, Lautadako zortzi udaletan eragitea. Elkarlanean, betebeharreko legedia bete dezaten eta hizkuntza eskubideak berma ditzaten. Azken finean, hizkuntz ohituretan eragin nahi dugu.
Azken horren bueltan, baduzue erronka zehatza...
A.A.: Hala da, bai. Zortzi udalen arteko konbergentzia prozesu baten ondoren Lautadako Euskararen Mahaia eratzea da helburua, eskualdeko 9 erakunde publikoen ordezkari politikoek eta eragile sozialek hizkuntza politika adostu bat diseinatu ahal izateko. Instituzioekin 2017an hasi genuen elkarlana, eta gaur egun ezinbestekoa dugu; instituzioen laguntzari esker, lagun bat dugu liberatuta Lautada oso ondo ezagutzen duena eta eskualde osotik mugitzen dena; bestela guk ezingo genuke aurrera egin. Zortzi udalekin eta Kuadrillarekin dugu hitzarmena sinatuta, eta Vital Fundazioaren laguntza ere badugu. Guzti horri esker, liberatuari ordaintzen diogu, eta baita egiten ditugun ekintza guztiak ere.
Hitzarmena ez da bakarrik izan behar erakundeek guri dirua emateko, hartu-emana egon behar da.
Bestelako proiektuak ere badituzue esku artean.
N. G. I.: Bai. LEK irudia sortzearena ez da bakarrik izen bat jartzea. Gaur egun badakigu Interneten ez bazaude ez zarela existitzen. Orain arte sare sozialetan ibili bagara ere, orain webgunea jarri dugu martxan. Oso proiektu polita da.
A.A.: Horrekin batera, LEK-ari nolabaiteko forma ematen hasteko, bazkidetza edo kidetza kanpaina ere badugu abian.