Zumarraundi bidearen konponketa edo Plan Orokor Berria, Zalduondoko lehentasunen artean

Erredakzioa 2020ko urt. 3a, 11:03

Udalak 360.000 euroko aurrekontua onartu berri du.

Zalduondoko Udalak badu dagoeneko 360.000 euroko aurrekontu proiektu berria. Gastu gehiena ohiko funtzionamendua bermatzeko erabiliko den arren, hainbat proiektu esanguratsu ere aurreikusi ditu; tartean, hiri antolamenduko plan orokorra egitea, Udaleko Energia Jarduketarako plana garatzea eta Urbiako larreetara igotzen den Zumarraundiko bidea konpontzea.

Zalduondoko alkate Gustavo Fernandez Villateren esanetan, Aratz-Aizkorri parke naturalera Arabatik sartzeko ohiko bideari "irtenbide duin eta iraunkorra emateko benetako aukerak" daude. Hori dela eta, Zalduondoko Udalak ekarpena egitea adostu du: "11.000 euroko partida aurreikusten dugu, handitu daitekeena, eta beharrezkoa bada, ez dugu kreditu bat eskatzeko aukera baztertzen", azaldu du.

Partzuergoen zain

Pasa den urtean erabaki zuen Zaldundoko Udalak esandako bidea ixtea, bere "egoera tamalgarria" dela eta. Urbia eta Oltza zelaietara ibilgailu motordunarekin sartzeko modu bakarra da, eta Arabako eta Gipuzkoako artzainek erabiltzen dute bereziki. Gipuzkoako Aldundiak dagoeneko iragarri du bidea konpontzeko 300.000 euro emateko asmoa duela; eta Arabako Diputazioko Ingurumen Sailak, bere aldetik, 150.000 euroko partida aurreikusi du xede berarekin. Asparreneko Udalak ere, bidearen zatiak partekatzen dituenak, partida bat gorde du; eta orain, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoek beren aurrekontuetan erabakitzen dutenaren zain daude. Horregatik, 2020a Zumarraundiko konponketaren urtea izatea espero du Zalduondok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide