Ohiturari jarraituta, Iruñeko berrehun bat lagun helduko dira larunbatean Asparreneko Albeiz herrira, Olentzero eta Mari Domingiri ongi-etorria egin eta Eguberrietako gutuna ematera. Trenean egingo dute bidaia haur eta gurasoek, baserritarrez jantzita, eta Albeizeko lagunek egingo diete harrera, arratsalde-pasa berezia egiteko.
Tren geltokira 17:30ean heldu eta kilometro batera dagoen herrira igotzen direnean, trikitilari, txistulari eta txalapartariak izango dituzte zain ospakizunari hasiera emateko. Gauez, Ilarduiako bidexkatik helduko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta Albeizeko eliza atarian elkartuko dira haurrekin hitz egin eta euren gutunak jasotzeko.
Hirugarren urtez antolatuko dute jaia Albeizen, baina aurretik hainbat urtez Eginon egin dute, Iruñeko Udalak Olentzeroa ospatzeko ekitaldiak debekatu zituenetik. Debekuak gainditu arren, ohiturarekin jarraitzea erabaki zuten, eta pozik hartuko dituzte aurten ere Albeizen, Alfredo Saenz de Arregi herri batzarreko presidenteak gogoratu moduan. Horretarako, hamaika herritar dabiltza larunbaterako dena prestatzen. "Festara batzen diren guztientzat, 17:30etik aurrera, giro ona ez da faltako; eta txokolatea, ardo beroa eta gaztainak prest". Albeizeko Batzarra, Albeizeko Herriko Lagunak elkartea eta Iruñeko Batean federazioak elkarlanean antolatu dute jaia.