2019. urtearekin alderatuta, aurrekontua %27 handitu du Asparrena udalerriak. Hortaz, 4.089.973,37 euro izango ditu datorren urteko udal kontuetarako.
Aurrekontuaren partida handienak bi urtez luzatuko diren azpiegitura lanei bideratuko dituzte. Alde batetik, herriko sarrerako Santsaerreka kalea urbanizatuko dute, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Bestalde, industrialdearen kaleak eta espaloiak girotuko dituzte, 800.000 euroko kostuarekin.
Bi kasuetan 2021erako konpromiso kredituak erabiliko dira. Gainera, udalak PFOS eta Renove Planaren finantzaketa lortzea espero du.
Obra berezi horietaz gain, ingurumenarekiko konpromisoa, kultura, euskara, gazteria edota emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna azpimarratu ditu Asparrenako alkate Txelo Auzmendik, udal gobernuaren lehentasun gisa.
Adibidez, ingurumen partida handitu dute, besteak beste, industrialdeko isurketen kontrola hobetzeko, udalerriko Energia plana aurrera ateratzeko edota Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintzak laguntzeko.
Berdintasunari dagokionez, gurasoek eta Eskola Kontseiluak eskatuta, ikastetxean patio inklusiboaren proiektua egingo da.
Bestalde, Osasun Zentroan pediatria arloko erizaintza gela bat eskaintzeko eta udal liburutegian ikasketa gela isolatu bat sortzeko partidak ere aurreikusi dituzte.
Azkenik, udalak partida bat bideratu du bere jurisdikziotik igarotzen den Zumarraundi errepideko egoera "tamalgarria" desblokeatzeko eta zonaldea moldatu ahal izateko.
Aurrekontuaz gain, 1.190.000 euroko Inbertsio Plan bat adostu dute udaleko talde politikoek, besteak beste, eskolako gutunazal termikoa, Iturbero frontoiaren estalkia edo kiroldegi zaharra birgaitzeko proiektuaren erredakzioa barnebiltzen dituena. Proiektu hauek 2019ko aurrekontuetan geratzen den diruarekin eta balizko dirulaguntzekin bideratu nahi dituzte.