Euskaralditik harago joan nahi dute Lautadan, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologia desberdinak abian jarriko dituzte hurrengo bi urteetan eskualdeko entitateetan. Gainera, Kuadrillako zortzi udalekin lanketa espezifikoa egingo dute, euskararen erabileran eta sustapenean oinarri komunak adosteko. Helburua, Lautadako Euskararen Mahaia sortzea da, eragile sozialak eta instituzionalak bilduta.
Ostegunean, Lautadako Euskararen Komunitatearen bigarren batzarra egin dute, Dulantzin. Hurrengo bi urteetarako lan ardatz nagusiak onartu dituzte. Asier Lafuentek azaldu duen moduan, Euskaraldiarekin aurrera jarraituko dute Lautadan hurrengo urtean ere, baina zerbait gehiago egiteko gaitasuna dutela ikusi dute. "2020ko Euskaraldia ez dadin izan helburu bakarra, metodologia desberdinak inplementatu nahi ditugu Kuadrillako enpresetan, elkarteetan eta baita eremu afektiboan ere, hizkuntz ohiturak aldatzen jarraitzeko".
Hausnarketa prozesua
Lafuentek aipatu duenez, ekainean hausnarketa prozesu bat abiatu zuten Lautadako Euskararen Komunitatean, azken bi urteetan egindakoa baloratzeko eta hurrengo bi urtetako norabidea markatzeko. Lautadako 135 lagunen iritzia jaso dute, galdeketa baten bitartez, eta 40 lagunekin egindako bost bilera-gogoeten bitartez. Iritzi kolektiboa jaso ondoren, prozesu honi amaiera eman diote, eta emaitzak osteguneko batzarrean aurkeztu dituzte, hurrengo bi urteetarako proposamenarekin batera.
Duela bi urte abiatu zen lana
2017an Lautadako eragile sozialak, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, Lautadako Euskararen Komunitatearen izenpean batu ziren. Entitatea oinarri hartuta, Lautadako kolektibo, lantegi, establezimendu eta herrietako eragileak elkartu ziren eskualde mailan elkarrekin lan egiteko: 40 herritako eragileak eta 20 entitateen ordezkariak, guztira 107 lagun. Hasierako batzar hartan erabakiak hartu zituzten, bi urte hauetan Euskararen Komunitatearen norabidea markatu dutenak. "Elkarlana bilatu nahi genuen Lautadako zortzi udalekin eta Kuadrillarekin, eskualde ikuspuntutik modu koordinatu batean Euskaraldia antolatu nahi genuen, lan boluntarioa eta profesionala uztartzea beharrezkoa zen eskualde mailan funtzionatu ahal izateko".
Euskararen Egunarekin, hainbat hitzordu
Agurainen eta Burgun Euskararen Egunaren harira hainbat ikuskizun antolatu dituzte. Burgun, igande honetan, musika eta dantza izango dute Landederra kiroldegian, Raizti DJrekin; eta abenduaren 4an, ludotekan, Xalto pailazoaren aktuazioa, 18:30ean. Agurainen, berriz, igandean, 'Harria' ikuskizuna aurkeztuko dute Andra Mari plazan, 12:30ean. Abenduaren 3an, goiz osoan izango dira ekitaldiak: 'Ganbaran' antzezlana, herri kirolak, mintzodromoa, Mikel Egiluz DJa; eta 14:30ean 'Buah Txabal' bakarrizketa. Hurrengo egunean, abenduaren 4an, 19:00etan, Zabalarten, Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa izango da; eta hilaren 21ean, musika ikuskizuna Harresi aretoan.