Zazpi egunez Euskaraldiaren Simulakroan murgilduko da Arabako Lautada

Erredakzioa 2019ko urr. 21a, 11:21

Astebete iraungo du Euskaraldiaren Simulakroa. / Argazkia: Lautada Euskaraldia

Gaurtik hasita, astebetez, hau da, urriaren 21etik 27ra, 2020ko Euskaraldiaren "entsegu txikia" egingo dute eskualdean.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte luzatuko den Euskaraldiaren edizio berriaren baitan berrikuntza bat ere iragarri dute Arabako Lautadan: belarriprest edo ahobizi izango dira "sor daitezkeen arigune berrietako kide guzti-guztiekin", azaldu dute.

Euskaraz lasai aritzeko taldea edo gunea da arigunea, eta bertan belarriprest eta ahobizi izatea "askoz errazagoa" dela diote. 2019an eta 2020an, entitateek ariguneak sustatu ahal izango dituzte "kideen adostasunarekin". Entitate batean bi arigune mota egon daitezke eta dagoeneko ariguneak aurreikusten dira 105 entitatetan, gutxienez.

Lautadako aurtengo Simulakroan ez da izenik eman behar, baina txapak banatu dituzte urriaren 7tik. Lantokietan, elkarteetan ariguneak proposatzea eta aktibatzea izango da honen helburu nagusia. 

Hiru hizkuntza-praktika normalizatu nahi ditu Euskaraldia ekimenak:

  • Ulertzen duenari euskaraz egitea nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun.
  • Ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egitea.
  • Talde erdaldunetan ere, ulertzen dutenekin  euskaraz egitea normala izatea.
Ariguneak aurreikusten dira 105 entitatetan. / Argazkia: Lautada Euskaraldia

 

Ariguneak, 2020rako berrikuntza

Lehenengo kasuan, entitateko funtzionamenduan dagoeneko existitzen den talde batean aktibatu daiteke arigune bat: sailak, atalak, ekipoak, sekzioak edo zerbitzuak. Hau da lantegien, establezimenduen, kolektiboen, ikastetxeen edota instituzioen kasua, adibidez. Talde horretan kideen %100ak euskaraz ulertzen badu eta kideen %80a ados baldin badago, ahobizi edo belarriprest roletan parte hartuko dute Euskaraldiak irauten duen bitartean.

"Edozein entitatek hizkuntza-berdintasuna bermatzeko erantzukizuna du"

Arigune honen helburua hizkuntza praktikak euskarara aldatzea da; dagoeneko euskaraz egiten badute "ohitura hori finkatzeko" balio duela azaldu dute. 

Bigarren arigune mota entitatean herritarrekiko harremana duen gunea da, hau da, "dendaria, telefonoa hartzen duena, harrerakoa, entitatearen ordezkaria…". Gune horretan dagoen pertsonak euskaraz ulertzen badu arigune bat sortuko du herritarrekin edo bezeroekin. Entitateak bermatu behar du Euskaraldiak irauten duen egunetan, uneoro, herritarrekin harremana egingo duen kidea belarriprest edo ahobizi izango dela. 

"Edozein entitatek hizkuntza-berdintasuna bermatzeko erantzukizuna" duela azpimarratu dute antolatzaileek. Entitate batek ahobizi edo belarriprest direnei "erraztasunak emateko" arigune bat aktiba dezake edo "bestela norbanakoak aktibatu eta babestu", argitu dute.

Dokumentala: 2018ko Euskaraldia Lautadan

Lautadako zortzi udalerrietako herritarren testigantzaz, antolatzaileen adierazpenaz eta Lautadako irudiekin 30 minutuko dokumentala osatu zuen Lautadak Euskararen Komunitateak, Mikel Ezkerro, Iker Oñate, Asier Mimentza eta Anton Mimentzaren laguntzarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago