Alokabide esleipendunak "etxebizitza kaltegarriak" onartzera derrigortzen ari dela salatu dute

Erredakzioa 2019ko urr. 11a, 14:15
Alokabide esleipendunak "etxebizitza kaltegarriak" onartzera derrigortzen ari dela salatu dute. / ESK sindikatua

Alokabide Aguraingo eta Araiako balizko esleipendunak bere proposamenak onartzera derrigortzen ari dela salatu dute hainbat eragilek. Azken hilabeteetan eskualdeko alokairu publikoko etxebizitzen esleipena "gehiegikeria" bihurtu dela kritikatu dute.

Argilan-ESKk, Elkartzenek, Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak eta Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak (PDS) agerraldia egin dute ostegun goizean, urriaren 10ean, ESK, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuekin batera.  Zalduondo eta Araiako EH Bilduko alkateak eta Arabako Lautadako ordezkariak ere izan dira.

"Pertsonei euren ostatua aukeratzen utzi behar zaie"

Arrazoi ezberdinak argudiatuz, kalteak eragingo lizkiekeen alokairuko etxebizitzei uko egin diete pertsona hauek, eta, ondorioz, bere zerrendetatik kanpo utzi ditu Etxebidek.

Eragile hauek identifikatu duten arazo nagusia honakoa da: Lanbideren araudiaren arabera, Etxebideko zerrendetatik ateratzeak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE-RGI) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO-PCV) jaso ahal izateko baldintzak ez betetzea dakar.

"Egoera mingarrien lekuko gara"

Salatu dutenez, pertsona askok Etxebiden izena eman zuten etxebizitza eskatzaile gisa, "bai DSBErako baldintza hori betetzeko, bai alokairuko etxebizitza aurkitzeko bide egokia izango zelakoan".

"DSBEak eta EGPOak gizarte-bazterketaren aurkako borroka-tresna dira"

Hala ere, nahiz eta prezioak egokiak izan, kasu batzuetan etxebizitza "desegokia" izateko arrazoi ezberdinak suertatzen direla azaldu dute. Besteak beste, etxebizitzaren "baldintza txarrak" edota ohiko bizitokitik zein ingurune sozialetik urruntzea.

Askotan, arrazoi horien ondorioz, babestutako etxebizitzari uko egiten zaio eta "horrek Etxebideko zerrendatik epe batez kanpo geratzeko arriskua" dakarrela ohartarazi dute.

Pertsona edo familia hori emergentziazko prestazioen jasotzailea bada eta babes ofizialeko etxebizitzari uko egiten badio, EGPOa eta DSBEa eteteko edo iraungitzeko "zigor gogorra" izango duela azaldu dute: "Egoera mingarrien lekuko gara".

Haien ustez, "DSBEak eta EGPOak gizarte-bazterketaren aurkako borroka-tresna" dira eta, horregatik, "pertsonei euren ostatua aukeratzen" utzi behar zaie. Hortaz, Arabako Lautadako pertsona ezberdinek Alokabidera helarazi dituzten alegazio-idazkiak onartzea eskatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide