Eskola eta osasun zentroaren inguruko obraren "arriskuak" salatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2019ko ira. 4a, 13:08
Osasun etxearen inguruan obrak egiten ari dira Agurainen. EHBILDU

Zortzi hilabete daramatzate lanean pasarela bat eta aparkalekuak egiteko, eta errepidearen igoera eta ikastetxeetako sarrerak konpontzeko.

EH Bilduko Aguraingo udal taldeak herrian egiten ari diren obrek eragiten dituzten "arriskuak" salatu ditu, eta horien aurrean EAJko udal gobernuaren "utzikeria eta arduragabekeria" kritikatu ditu. Talde abertzaleak azaldu duenez, urtarrilean EAJk pasarela bat, aparkatzeko tokiak, errepidearen igoera eta ikastetxeetako sarreretan aldaketak egiteko obrak jarri zituen martxan.  

Obrak hasi zirenean, ikastetxeetako langileek zein familiek eta osasun zentroko erabiltzaileek sinadura bilketa bat egin zuten, eta kexa aurkeztu zuten Udalean, egiten ari ziren lanek hainbat arrisku ekartzen zituztela adieraziz. EH Bilduko zinegotzi Raul Lopez de Uraldek nabarmendu duenez, "hauteskundeak pasa eta ikasturte berria hastear dagoenean, obrak bukatu gabe daude, eta asko izaten ari dira osasun zentroa erabiltzen dugunok uda osoan zehar pairatu behar izan ditugun arazoak eta segurtasun eza". Lopez de Uralderen esanetan, makinek osasun zentroaren sarrera oztopatzen dute sarritan, eta orduan, belarrez betetako aldapa batetik sartu behar dira erabiltzaileak; gainera, "ezinezkoa da gurpildun aulkian sartzea, umeen aulkiak ezin dira pasa, eta mugikortasun arazoak dituztenek ezin dute bakarrik sartu". Anbulantziek ere arazoak dituzte sartzeko, eta batzuetan, "medikuak errepidean gaizki aparkatuta dagoen anbulantzian bertan artatu behar izaten ditu gaixoak".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide