Herriko izen ofiziala Elburgo/ Burgelu bada ere, Euskaltzaindiak 2017an argitaratutako Arabako herri izendegiaren arabera, Burgu da euskal izena. Zazpi herrik osatzen dute Burgu: Añua, Arbulu, Argomaiz, Azua, Gazeta, Ixona eta Burgu bera. Bertatik ibilbide politak egin daitezke.
Hiru ermiten ibilbidea, esate baterako, zirkularra da, inguruko ondare arkitektoniko erlijiosoaren lagin txiki bat ezagutzeko aukera ematen duena, eta era berean, eskualdeak pasabide eta erromesaldien ibilbide gisa duen garrantzia erakusten duena. Ibilbidean zehar Arabako Lautadako hiru bitxi topatuko ditugu: Arraraingo San Juan baseliza, Kiltxanoko San Pedro baseliza eta Aialako Andra Mariaren baseliza.
Bestaldea, herriak bere historiarekin duen konpromisoa nabarmentzen da. Izan ere, Argia Emakumeen Taldeak Burguko historia genero ikuspegitik azaltzeko eta herriko emakumeen historia jasotzeko egindako lana azpimarratu behar da.
2010. urtean egindako ikerketari esker, Victoria Ladron de Gebara udal idazkariaren alaba, Margari Elorza, Faustina Ruiz de Egilaz, Epi Elorza, Estefana herriko emagina eta udalerriko beste hainbat emakumeren bizitza ezagutzera eman zuten, eta garai latzetan egindako lana nabarmendu zuten. Sarritan aitzindariak izan ziren emakume hauek nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta zaintzan buru-belarri ibilitakoak dira.
Nekazaritzari lotuta
Gaztelako Alfonso XI. erregeak hiribildu izendatu zuen Burgu 1337. urtean, hain zuzen herria erromatar garaiko ibilbidean kokatuta dagoelako, eta garai horretan bidaiari eta merkatari ugari ibiltzen zirelako bertatik. Nekazaritzari mende luzez lotutako herria eta ingurua da Burgu, eta batik bat zerealarekin lotuta daude bertako nekazariak
XX. mendearen bigarren erdialdean biztanle asko galdu zituen Burguk, Arabako landa eremuko beste herri txiki askok bezala, baina 1990. hamarkadatik aurrera, garraiobideen hobekuntzak eta Gasteizek izan zuen hazkunde ekonomikoaren eraginak bultzatuta, biztanle berriak joan ziren bertara bizitzera, Burgura eta Argomaizera batez ere.
Eraikin nabarmenen artean daude Burguko bolatokia, herriko pikota eta Burguko 19. etxea, EAEko Kultura Ondasunen artean sailkatuak.