Musikaldi Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) bi urtez behin antolatzen duen jaia da, elkartea osatzen duten ikasleen zein irakasleen arteko topaketa. Aurten, Dulantziko Xabin Salaberri Musika Eskola arduratuko da jaia antolatzeaz, izan ere, 25 urte bete dira eskola martxan jarri zutenetik, eta efemeridea ospatzeko hainbat jarduera antolatzen ari dira.
Maiatzaren 18an izango da Musikaldi, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 46 eskolatako 2.400 ikasle bilduko dira Dulantzin, musika eskoletan egiten duten lana gizarteari erakusteko helburuarekin. Ez da lehenbiziko aldia Araban ospatzen dutela jaia, baina estreinakoz egingo da landa inguru batean. Musikaldi Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Diputazioaren eta Dulantziko Udalaren babesarekin antolatu dute Xabin Salaberri eskolako lagunek eta herriko zazpi eszenatokitan eta kaleetan egingo da.
Jarduna 10:00etan hasiko da Herriko Plazan antolatu den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan, Maravillas Diaz EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea eta Adierazpen Musikalaren Didaktikaren irakaslea EHME 2019ko ohorezko bazkide izendatuko dute. 10:30ean Musikaldiko Abian da Festa abestia aurkeztuko dute, eta jarraian, 11:00etan hasiko dira kontzertuak honako eszenatokietan: Auditorioa, Eliza, Plaza, Martxoak 8 plaza, Solandia parkea eta Torondoa. Halaber kalejirak egingo dira herriko kaleetan zehar.