Hiru txirrindulari profesionalen jaioterria da Lautadako herri txikia: Alberto Lopez de Munain (1972) txirrindularia hemen jaio zen. 1996tik Euskaltel-Euskadi taldean luxuzko laguntzailea izan zen, hamaika denboralditan. Lau garaipen lortu zituen 2000 eta 2001 urteen artean. Asturiasko itzulian, Alcobendasko klasikoan, eta Dauphine Liberen. 2005. urtean Giroan istripu larri bat izan zuen, eta erretiroa hartu zuen. Luis Maria Diaz de Otazu (1966) txirrindulari profesionala ere, Once taldekoa, bertakoa da. 1988tik 1998ra aritu zen profesionaletan, laguntzaile modura. Amateurra zela, Valenciaga Memoriala irabazi zuen, 1986an. Antonio Berasategi (1978) Kaiku taldeko profesionala ere bertan jaiotakoa da.
Kirolarekin batera, gastronomia da Albeizko plater nagusietako bat. Izan ere, 2018an, Arabako Eztizaleen Elkarteak urtero antolatzen duen Arabako Eztiaren Txapelketan, Felipe Garcia de Albenizek eta Marina Lopez de Aberasturik lehen saria eraman zuten, beste 25 produktoreren artean. Ameztutxu izena duen eztia egiten du familiak, eta batik bat haritzondokoa da. Mielato esaten diote Lautadan ezti klase horri. Eztia bezala, Lautada osoan oso preziatua den Idiazabal gaztaren ordezkari bat dute herrian, Felix Lekuonaren gaztandegia hain zuzen.
Ondarea, historia eta inguru naturala dira Albeizek gordetzen dituen beste harribitxiak. Umandia, Albeiz, Olano eta Ballo mendien artean kokatuta dago, eta Inaziotar Bidea bertatik igarotzen da.
Herriaren ondare nagusiak San Joan Bataiatzailearen eliza, XII. mendeko Amamioko San Joan ermita erromanikoa, eta ibaiaren inguruan dauden bi errota dira. Inguruetan, erromatarren garaiko dekorazio-puska bereizgarriak topatu dira. Izan ere, sarri aipatu izan da egungo Albeiz Pliniok aipaturiko Albaniarren biztanleriarekin zerikusia duela.
Fitxa:
Kuadrilla: Lautada.
Udalerria: Asparrena.
Biztanleak: 70 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Luis Dorao errepublikar irakasle, La Libertad egunkari ezkertiarraren zuzendari eta diputatuak plaka bat du Albeizen.