Sinadura bilketa hasi dute eskola-eremuko obrak gelditzeko

Erredakzioa 2019ko mar. 4a, 12:10
Agurainen hasi diren obrak salatu dituzte. IÑIGO ESPADA

Lope de Larrea ikastolako gurasoek salatu dute alkatea hauteskundeak lehenesten ari dela, haurren segurtasunaren aurretik. Obrak opor-garaian egiteko eskatu dute.

Haserre bizia piztu du Agurainen azken hilabetean udal gobernuak abian jarri duen obra sortak. Are gehiago, obrako eremuan bi ikastetxe, haur-eskola bat eta osasun-zentro bat daudelako, eta kaltetuei inork ez dielako, aldez aurretik, obra horien berri eman. Hauteskunde interesa leporatu diote alkateari kaltetuek, eta sinadura bilketa hasi dute obrak gelditzeko.

Lope de Larrea ikastolako gurasoek  salatu dutenez, otsailaren 20an jakin zuten, "ikastolak berak esanda", obrak egin behar zirela ondoan. "Hori gutxi balitz, esan beharra dago ikastolak obrako langileei galdetuta eskuratu duela informazio hori. Izan ere, Udalak ez du inolako jakinarazpenik bidali ikastolara". Gurasoen ustetan, Udalak obra horiek denboraz komunikatu behar zizkion ikastolari, bertako langileei, baita seme-alabak bertara eramaten dituzten familiei ere,"baina tamalez, ez da inolako jakinarazpenik egon".

Gauzak horrela, eta obra horien ondorioz, kotxeen zirkulazioaren norabidean eskumako espaloia eta ezkerrekoaren zati bat kendu dituzte, aparkatzeko tokia murriztu dute, Ikasbi ikastolako eta haur-eskolako sarrerak oztopatu dituzte, eta ikastetxearen eguneroko jarduerari eragiten dioten zaratak daude eskola-eremuan.

"Segurtasun falta"

Halaber, gurasoek nabarmendu dute "segurtasun falta ikaragarria" dagoela. "Obra hauen ondorioz, gure seme-alabak errepidetik joatera behartuta daude, eta Ikasbi eta haur-eskolarako sarbideetarako espazioak murriztu dira, ume pilaketetarako arriskua eraginez. Ez dago ikastolara sartzeko segurtasun perimetrorik".

Bostehundik gora dira Lope de Larrea ikastolara joateko bide hori egiten duten ikasleak, eta gurasoek salatu dutenez, egoera berean daude gainerako ikastetxeetako ikasleak, baita osasun zentrora joaten direnak ere. "Mila pertsona inguru dira egunero-egunero egoera hau jasan behar dutenak, obra hau egiteko orduan Udalak kontuan hartu ez dituen kaltetuak, alegia". Gaineratu dutenez, eskolako autobusen eta umeak ikastolara kotxez hurbiltzen dituztenen joan-etorriak ere ez dituzte kontuan hartu.

Kaltetutako familiak eta langileak Udalak hartutako erabakiaren kontrako sinadurak biltzen ari dira, obrak gelditzeko, eta opor-garaian egiteko: "Modu horretan, gure seme-alaben eta Aguraingo herritarren segurtasun bermatu ahal izango dugu". 

"Hauteskunde obrak"

Ildo berean, EH Bilduko zinegotzi Iñigo Espadak ere aspaldi salatu du EAJko alkate Iñaki Berazak azken hilabetean agindu dituen obrak "hauteskunde obrak" direla, eta legealdi honetan udal gobernuak "ezer egin ez duela" kritikatu du, eta "utzikeria" leporatu dio alkateari.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide