Asparrena eta Donemiliaga arteko industrialdetik Arakil ibaira 2018an izandako isurketak berriro gerta ez daitezen, elkarrekin lanean ari dira bi udalak, isurketak aztertzeko eta beharrezkoak diren neurriak ezartzeko. Modu horretan, udaletako aguazilak, egunero, kontrol bisuala egiten ari dira, isurketa berririk egotekotan ahalik eta lasterren igartzeko. Horretaz gain, industrialdeko enpresei eskatu zaizkie haien lursailetako euri eta gorotz uren saneamendu sareko planoak: hodi biltzaileak, kutxatilak eta hidrokarburoen banaketa sistemen kokapena.
Udalek euri eta gorotz uren saneamendu sareen egoera erreala ezagutu nahi dute, bide publikoetan zein jarduera pribatuak garatzen diren lursailetan, isurkinen jatorria bilatzeko eta egon daitezkeen irregulartasunak zehazteko.
Halaber, ingeniaritza enpresa bat kontratatu dute, eta horren bitartez enpresek emandako informazioa planoetara egokituko dute, dauden irregulartasunak zehaztu eta baldin badaude plano berriak egiteko, saneamendu sistema guztia planoetan eguneratuta izateko.