Bertako 3.800 haritz landatuko dituzte Zalduondon

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 08:34

Kaltetuta geratu ziren sei hektarea basoberrituko dituzte. /Zalduondo Bai

2016an jazotako haizeteen ondorioz kaltetutako pinuak ordezkatuko dituzte.

Zalduondoko Larresoil izeneko lurzoruan, 2016ko haizete gogorrek larriki kaltetuta utzi zuten bertako pinudia. Haizeak botata edo puskatuta utzitako zuhaitzez gain, erortzeko arriskuan geratu ziren zenbait pinu ere bota behar izan zituzten.

Zalduondoko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lotutako akordioari esker, kaltetuta geratu ziren sei hektarea basoberrituko dituzte. Kaltetutako pinusnigra espezieko pinuen ordez, quercupetrea motako haritzak landatuko dituzte.

Jatorrizko espeziea

Gaur egun Euskal Komunitate Erkidegoan aurkitu daitezkeen hariztiak gutxi dira, eta beraien kontserbazio egoera txarra da gainera. Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuan, jatorrizko quercupetrea motako %36 bakarrik kontserbatzen da gaur egun lurzoru horiek beste helburu batzuekin berrerabili izan baitira.

Haritzondoz basoberritzeko jarduera honi esker, basoaren jatorrizko izaera berreskuratzea bilatzen dute eta eremuaren oreka naturala berrezarri nahi dute.

Guztira 3.800 haritz landatuko dira, eta esparrua mugatu egingo da ganaduak, basurdeek zein orkatzek ondatu ez ditzaten. Gainera, herritarren auzolanari esker, landatuko diren zuhaitzen erdia tutuz babestuko dute, babes neurri osagarri bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago