Gure bazterrak

'Amerikanoa'ren herria

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2019ko urt. 27a, 07:00

Galarreta herrian jaio zen Pedro Salinas Arregi 'Amerikanoa'.

Polemika bizia sortu zen 2014. urteko uztailean, urte luzeko utzikeriaren ondorioz Galarretako elizako kanpandorrea erori egin zelako. Herrialdeko ondarearen babesaren inguruan axolagabe jokatzea leporatu zioten Diputazioari garai hartan hainbat alderdi politikok eta Donemiliagako alkateak. Gaur egun, XVI. mendeko Andre Mariaren Jasokundearen eliza errenazentistaren hondarrak besterik ez daude Galarretan. Diputazioak iragan urteko ekainean iragarri zuen kanpandorrearen eta elizaren ingurua finkatu eta ondare horren balioak azpimarratzeko obrak hasiko zituela.

Zoritxarreko istripuaz bestalde, Galarreta ezaguna da Pedro Salinas Arregi Espainiako Bigarren Errepublika garaiko alkatea eta diputatua bertan jaio zelako; eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriko Don Pedro pertsonaiak, Obabako amerikanoak, Salinasen bizitza duelako oinarri. Hala jaso zuen, bederen, Inaxio Lopez de Arana idazle eta itzultzaileak 2004ko otsailaren 1ean, Berria egunkarian argitaratutako artikulu batean.

 Lopez de Aranak idatzi zuenez, 1907an Pedro Salinasek eta Baldomero anaiak Galarreta utzi, Liverpooleko itsasonzia hartu eta Montrealera joan ziren. Batetik bestera lanean ibili eta gero, Alaskako muga ondora joan eta bertako meategietan zilarra topatu zuten anaiek. Baina, Galarretara itzuli behar izan zuen Pedro Salinasek, anaia istripu batean hil eta denbora gutxira aita gaixotu zelako. 

1931n aukeratu zuten amerikanoa Donemiliagako alkate; halere, Espainiako Gerra piztu zenean, herriko hiru maisurekin batera atxilotu zuten erreketeek. Maisuak Urbasan hil zituzten, eta Salinasek ihes egitea lortu zuen. Diputazioko lagunek emandako babesari esker salbatu zen.

Fitxa: 

Kuadrilla: Lautada.

Udalerria: Donemiliaga.  

Biztanleak: 38 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Iaz, Gernikako Urriko Azken Asteleheneko gazta onenaren saria Galarretako Azkarra gaztandegiak eraman zuen.

* Eman zuen arabako txoko kutunaren berri: erredakzioa@alea.eus 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago