Igandean egingo dute herri galdeketa Dulantzin

Mirian Biteri 2019ko urt. 10a, 09:30

Santa Klarako komentuko ortuaren etorkizuna erabakiko dute bizilagunek.

Dulantziko Klaratarren baratza zaharren erabilera erabakiko duen herri kontsulta antolatu dute iganderako, urtarrilak 13. Zehazki, Herriko Hiri Antolakuntza Plan Orokor berriak aurreikusten duen ekimen baten inguruan herritarrek duten iritzia ezagutu nahi du Udalak.

2016an, behin-behinekoz onartutako plan horrek 3.700 metro karratu inguruko baratza hori bi zati nagusitan banatzea proposatu zuen: arkeologia ezagutzeko gunea izango lukeen lorategi publiko bat, batetik; eta atxikitako bost etxe eraiki ahal izateko ingurune bat, bestetik. Herritar guztiak ez ziren proposamenaren alde agertu, eta hori dela eta, erabaki du Udalak herri galdeketa deitzea. Hain justu ere, proiektuak aurreikusten dituen aldaketen edo gaur egun dagoen bezala uztearen alde ote diren galdetuko zaie bertakoei.

2.000 lagunetik gora

Herriko kultura etxean jarriko dira botoa eman ahal izateko bi mahai, 12:00etatik 20:00etara bitartean. Udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea dutenek izango dute honetan ere bozkatzeko eskubidea; alegia, 2.000 lagun pasatxo.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide