Aguraingo araztegiaren proiektua abiatu du URAk

Aguraingo araztegiaren proiektua abiatu du URAk
Maiz gertatu dira Zadorrara isurketak Agurainen.

Aurrekontua 6,3 milioi eurokoa da; proiektua idazteko epea 4 hilekoa; eta 24 hilabetez iraungo dute lanek.

Uraren Euskal Agentziak hilabete honetan ekingo dio Aguraingo araztegiaren proiektua erredaktatzeari, behin Aquambiente Servicios para el Sector del Agua eta Bycam enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari Aguraingo hondakin-uren araztegiaren proiektua idatzi eta lanak egiteko kontratua esleitu ondoren. Aurrekontua 6,3 milioi eurokoa da; proiektua idazteko epea 4 hilekoa; eta 24 hilabetez iraungo dute lanek.

URAk aditzera eman duenez, aurreikusitako lan eta azpiegiturek Zadorrara isurtzeko baimenean jasotako muga zorrotzak betetzeko uren tratamendu egokia ahalbidetuko dute; izan ere, Zadorra Ullibarri Ganboako urtegian murgiltzen da. Diseinuak aintzat hartu ditu etorkizunean hondakin-ur emari berriak jasotzeko aukera (balizko garapen urbanistiko berriak, edota aldameneko herrien hondakin urak biltzeko aukera izateko), zein arroan urtaroaren araberako emarien aldakortasun naturala; kasu bietan ala bietan, arazteko prozeduren errendimendua eskastea saihesteko.

Gaur egun abian den Aguraingo araztegiaren jarduera eta kudeaketa eskasa da, Uraren Euskal Agentziaren arabera, Zadorran maiz izan diren kutsadura-gertakarien jatorria. "Horregatik,  aurrerantzean ondo kudeatzen bada, araztegi berriak isurketa errepikari horiek saihestu ahalko ditu etorkizunean".

Hiru urteko epea

Honen harian, araztegiaren isurketa-baimenaren azken berrikuspenak Aguraingo Udalak bete beharreko kudeaketa-neurri zehatzak ezartzen ditu, araztegi berria abian izan arte, egungo araztegiaren isurketaren kutsadura murrizteko. Halako neurriak, baina, uraren ziklo urbanoa kudeatzen duten erakunde profesionalek berez ezartzen dituzte, haien isurketa onaren alde egiteko. Ebroko Konfederazioari helarazitako baimen berriaren proposamenak hiru urteko epea aurreikusten du araztegi berria martxan jartzeko.

Alabaina, araztegi berria martxan jarri arteko tarte horretan ere, Aguraingo Udalari dagokio isurketa-baimen berriak ezarritako baldintzak betetzea.

Agurainen Zadorraren egoera ona lortzeko uraren hiri-zikloaren kudeaketa azpiegituren ustiatzeaz (eguneroko funtzionamendua, biltegiak, ponpaketak, tratamendu eta arazketa estazioak, energia, erreaktiboak, langileak,…) edo azpiegituren mantentzeaz haratago joatea ezinbestekoa da.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide