Tornadoak Entzian jotako lau hektarea gordeko dira aldaketa klimatikoa ikertzeko

Erredakzioa 2018ko abe. 4a, 13:16

Legaire txikitu zuen tornado batek pasa den uztailean. ALEA

Datozen 25 urteetan ez da gizakiaren esku-hartzerik izango eremu horretan.

Entziako mendilerroan uztailean jazotako tornadoak txikitu zituen lau hektarea pagadi gordeko ditu Arabako Foru Aldundiak, Entziako Partzuergoarekin adostu ondoren. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Alcala de Henareseko (Madril, Espainia) unibertsitateetako ikerlariek, Aldundiaren Ingurumen Sailarekin koordinatuta, aldaketa klimatikoari buruz eta muturreko gertaera klimatikoetan basoek duten egokitzapenari buruz ikertuko dute.

Hala, tornadoak kaltetu zituen 72 hektareatik lau hektareako eremua 25 urtez utziko da tornadoak utzi bezala; eta modu horretan ikusi ahalko da basoa gai ote den leheneratzeko, bertako fauna nola egokitzen den baldintza berrietara, eta zer mikrohabitat berri sortzen diren.

"Naturak eskaini digun aukera aprobetxatu nahi izan dugu, harengandik ikasteko", laburbildu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak. Abiatuko den ikerketarem "interes zientifikoa" azpimarratu du Galerak, "horren bidez jakingo baitugu gure biodibertsitateak nolako kalteberatasuna duen hondamendi meteorologikoen aurrean eta nolako gaitasuna duen egokitzeko”.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago