Araiako pilotalekuaren desitxuratzeari buruz

Iñaki Uriarte 2018ko aza. 18a, 06:00

Pilotalekua bere horretan mantendu behar dela babestu du Iñaki Uriartek. / I. IRIARTE

"Joan den urriaren 3an Asparreneko Udalak iragarri du herriko erdigunean dagoen Iturbero pilotalekua estaltzeko asmoa duela. Antza, ez dituzte kontuan hartu estaltze horrek ekarriko lituzkeen ondorio guztiak".

Hirigintzaren Nazioarteko eguna ospatu da azaroaren 8an, mundu osoko herritarren artean hirigintza-antolaketari buruzko kontzientziazioa sustatu nahian. Ardura hori bereziki garrantzitsua da tokian tokiko berezitasunak hobekien mantentzen eta adierazten dituzten lekuetan. Euskal Herriko herri askotan mantentzen da honen adierazle bikaina den tipologia mota bat: plaza-pilotalekuak.

Hirigunearen erdigunea da herriko plaza, eta askotariko konfigurazioak ditu, beti ere, zentzu sozial eta espazialik zabalenean ulertuta. Hauen artean, erreferentziazko elementua da pilotalekua. Batzuetan frontis bat besterik ez da: harrizko horma hutsa. Iparraldean ohikoa da tipologia hau; batzuetan exentua da, eliza edo eraikin bati lotuta besteetan. Ezkerreko horma batekin osatzen da askotan; eta, batzuetan, eskuinetik ere paramentu batek mugatzen du esparrua. Eraikin baten beheko espazio publikoa izan daiteke paramentua, edo eliza baten aterpea. Pilotalekuak leihoak eta ateak eduki ditzake, baita ere, batzuetan ezkerraldean. Finean, askotariko aldaerak egon daitezke, baina ezaugarririk jatorrizkoena eta ezinbestekoa da, plaza guztiak bezala, zerua sabaitzat izatea.

Duela hainbat urtetik hona, baina, plaza-pilotaleku hauek desitxuratzen ari dira. Are kezkagarriagoa izanik, batzuetan, pilotalekuak eraitsiak izaten ari dira.

Hasiera batean, hormetako harlanduzko lan ederrak morteroz estaliak izan ziren; berdez margotu zituzten, telebistak pilota partidaren bat grabatzera joango zirelakoan, publizitatez prostituitutako txapelketa pilotaleku horien antzera – batzuetan, alkoholari buruzko publizitate lizunarekin, gainera–. Baina aurretik ere egina zuten desitxuratzerik larriena: plaza libreko pilotalekuen estaltzea. Argudioa zen barrutiari etekin gehiago ateratzea, euria izatekotan erabiltzeko. Salbuespenak salbuespen, gehienetan estalketa horien emaitzak oso kaxkarrak izan dira.

Kuriosoa bada ere, eguraldi berdina dago Iparraldean, baina bertako erdialdeko plazetan ez da halakorik egin erdigunetako plazetan; kultura kontua da.

Joan den urriaren 3an Asparreneko Udalak iragarri du herriko erdigunean dagoen Iturbero pilotalekua estaltzeko asmoa duela. Antza, ez dituzte kontuan hartu estaltze horrek ekarriko lituzkeen ondorio guztiak.
1876. urteko pilotalekua da Asparrenekoa, Arabako pilotaleku txikien artean zaharrenetakoa. 1983an zaharberritu zuten. Ezkerreko horma eta frontoia harrizkoak dira. Tamalez, ohiko kolore berdeaz margotuta daude hormak.

Eskuinean, zertxobait altuagoa den eraikin bat dago, planta baxukoa, eta estilo neoklasikoko beste bi eraikin ere alboan ditu. Zazpi arkupe daude, eta pilotalekuan jolasten ari direnean, edo aisiari lotutako beste ekitaldiren bat dagoenean, jendea arkupe horien babespean egon daiteke, Areson, Seguran, Zaldibian edota Ispasterren dauden pilotalekuetan egiten den modu berean.

Euskal Herriko toki askotan estali dira pilotalekuak. Estaltze horiek  —bereziki, herrietako erdialdean dauden pilotalekuen kasuan— akats larria suposatzen dute, baina badirudi akats horren ondorioak onartutzat ematen ditugula.

Lehen ondorioa da altuaren poderioz gehiegizko bolumetria inbaditzailea sortzen dela, pilotalekuaren geometria xehea bertan behera utzita. Hormek eta zoruak osatzen duten oinarrizko triodoa deseginda, jatorrizko antolaketaren zentzua erabat galtzen da. Modu honetan, eraikin itxia bilakatzen da, ondare interesik gabekoa, presentzia zein zentzu historikoa eta formala galduta. Are gehiago, interes funtzionala ere galtzen du, urtaroaren arabera, egunak ilunera jotzen duenean, harrien edertasunaren pertzepzio kromatikoa galtzen da eta.

Sonoritatea ere aldatzen da: pilota jokoan soinu arinak direnak anplifikatutako kolpe bilakatzen dira estalitako esparruan, eta hitz intimoak ozenago ateratzen dira, gainera. Modu berean, eskala nahasten du, eta inguruneko eraikinen nortasuna galtzen da, koherentzia urbanistikoaren eta herriko paisaiaren kalterako.

Justifikazio bakarra da jolasteko eta beste hainbat jarduera egiteko areto bilakatzen dela gauean edo eguraldi eskasa egiten duenean. Baina plaza modura, tipologikoki eta etnografikoki duen balioa ia beti kaltetzen da, testuingururik gabeko kirol eraikin bilakatuta.

Agerikoa da Araian ez direla aztertu Iturbero pilotalekuari lotuta doazen arkitektura, hirigintza eta ingurumen balioak. Done Jakue bideko parte izanik, udalerriak berezko interes kulturala du. Besteak beste, San Pedroko eliza, iturri neoklasikoa, herriko enparantza eta udaletxea daude gertu: balio kultural handiko elementu hauek ondare multzoa izendatzea merezi dute, eta, hain zuzen, eskari hori egingo da datozen egunotan.

Duela hainbat urte Elorrion gauza bera egin nahi izan zuten, baina Niko Moreno alkatearekin hitz egin nuen, lehiaketa hasita bazegoen ere. Zorionez, kasu horretan, lehiaketa esleitu gabe geratu zen. Oraingoan are harrigarriagoa da kontua, 2017ko martxoaren 18an, Udalak gonbidatuta eta bertako alkatea bertan zegoela, Plaza-pilotalekua, euskal agora izeneko hitzaldia eman nuelako herrian.

Bestetik, lehiaketaren oinarriak onartezinak dira, kulturalki zein profesionalki. Proposamen arkitektonikoa baino, proposamen ekonomikoa da guztiz lehenetsi dutena. Erabakirik zentzudunena litzateke, beraz, prozesua bertan behera uztea.

XXI. mendean hirigintzan eta arkitekturan hain errotuta dauden elementu berezi hauen alde borrokatu behar izatea etsigarria bada ere, are harrigarriagoa da hau gertatzea EH Bilduk gidatutako udalerri batean. Alderdiari herrialdearen zentzu identitarioaren alde egotea suposatzen zaio. Eta pilotaleku irekia da, hain zuzen, euskal ondare kulturalaren ikur nagusienetakoa: bilgunez betetako arkitektura hutsa da, hain zuzen.

(Iñaki Uriarte arkitektoa da. Erredakzioan euskaratua eta moldatua).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago