Zortzi emanaldi eskainiko ditu Aguraingo Txotxongiloen I. Topaketak

Erredakzioa 2018ko aza. 8a, 12:34
Binefarreko txotxongiloek kalejira egingo dute ostiralean.

Toparte jaialdiaren lehen edizioa hiru egunez luzatuko da, azaroaren 16tik hasita.

Aguraingo Udalak antolatuta eta Panta Rhei taldearen zuzendaritza artistikoak lagunduta, ostiralean, azaroaren 16an, estreinatuko da Toparte, Txotxongiloen I. Topaketa, Agurainen. Zortzi emanaldi izango dira asteburuan zehar, Zabalarte eta Harresi aretoen artean banatuta. Txotxongiloen inguruan erreferente izateko jaio da Toparte jaialdia; panpina bizidunen mundua publiko orotara hurbildu nahi dute, eta ohikoak ez diren toki zein ordutegietan aurkeztea.

Hala, azaroaren 16an, 20:00etan, Binefarreko Titiriteroek Erdi Aroko kalejira egingo dute Zabalartetik; eta gauean berriz, Alakran talde galiziarrak bi emanaldi eskainiko ditu, Kazkazuri tabernan 22:00etan, eta Ibaia sagardotegian hurrenez hurren. Federico Garcia Lorcaren El retablillo de Don Cristobal giñol-fartsa antzeztuko dute. 

Azaroaren 17an, larunbatean, Proismo Cero taldeak txotxongiloen familientzako tailerra egingo du, Zabalarte espazioan, 11:00etan; toki berean baina 21:00etan Kataluniako Zero en conducta taldeak Allegro ma non tropo obra aurkeztuko du. Harresi aretoan, berriz, 18:00etan, Panta Rhei taldeak Noa ¡Uu Uy Uy!!! aurkeztuko du, eta Titeres Alakran taldeak Kilkenny Irish Pub tabernan 23:00etan, El retablillo de Don Cristobal.

Igandean, azaroaren 18an, 11:00etan, Zabalarten, txotxongiloen familientzako beste tailer bat egingo du Proismo Cero taldeak, eta jaialdia amaitzeko, Errioxako El patio teatrok Hubo obra aurkeztuko du Harresi aretoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide