Urbiako bidea moztuko dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko aza. 6a, 11:35

Aratz-Aizkorri parke naturalera Arabatik sartzeko ohiko bidea zeharo hondatuta dagoela salatu du Zalduondoko Udalak.

Erabaki polemikoa izan daiteke Urbiako larreetara igotzeko milaka lagunek erabiltzen duten Zumarraundiko errepidea ixtea, baina mahai gainean jarri du aukera hori Zalduondoko Udalak. Gogaituta daude bizilagunak bidea "erabat txikituta eta egoera tamalgarrian" dagoelako, eta arazoaren aurrean administrazioak ardurak saihesten ari direla uste dute Zalduondoko eta Asparreneko udal agintariek.

Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak azaldu duenez, beldur dira egunen batean istripuren bat egon daitekeelako Urbiako igoeran. "Inork ez badu ezer egiten, gure asmoa da bidea ixtea, eta soilik pasatu ahal izatea baimena dutenak, artzainak, herritarrak egurra ateratzeko… baina mendira joateko, parke naturalera sartzeko debekatuko genuke". Dagoeneko Arabako Diputazioak ohartarazi die landa-bidea den heinean ezin dutela itxi, baina udalbatzak eskatuko du landa- bidea izatetik mendi-bidea izatera pasatzea, eta hala balitz aukera izango lukete ixteko.

Trafiko ugari

Urbiako larreetara kotxez igotzeko artzainek eta abeltzainek duten modu bakarra Zumarraundiko landa bidea erabiltzea da, eta, gainera, 1994. urtetik, Aizkorri-Aratz parkearen Arabako zatira sarbiderik erabiliena da –Arabako Foru Aldundiaren datuen arabera,  2017. urtean 36.000 lagunek erabili zuten–. Sei bat kilometroko bidearen zati nagusia Zalduondoko udalerriarena da, eta beste zati txikiago bat Asparrenekoarena. Hala ere, udalen arabera, haiekin batera beste administrazio batzuek ere errepidearen konponketan eta mantenuan parte hartu beharko lukete, ohiko landa-bide batek dituenak baino funtzio gehiago betetzen dituelako, batik bat parke naturalarekin lotuta. "Konponketa integrala behar da, eta atzean utzi adabakiak. Goazen argitzera bakoitzak zer kostu onartu ahal duen".

Gipuzkoako Diputazioak dagoeneko erantzun die bidea Araban dagoela, eta erantzukizuna saihestu du. "Gipuzkoako eta Arabako artzainek erabiltzen dute bidea –gogoratu du Zalduondoko alkateak–, eta bere jarduera ekonomikoa sostengatzeko ezinbestekoa dute Urbiako bidea konpontzea".  Bere aldetik, Arabako Diputazioak, 475.000 euroko aurrekontua egin du bidea berritzeko, eta udalei eta Entziako Partzuergoari proposatu die gastua kopuru berdinean banatzea eta ordaintzea. Fernandez Villatek uste du ardurak saihesten saiatzen ari dela Diputazioa. "Zalduondoko Udalak egiten duen diru-bilketa eta Diputazioarena ezin dira maila berean jarri. Ez zaigu logikoa iruditzen 186 biztanle dituen herri batek gastu hori onartzea. Ulertzen dugu guk ere bidea erabiltzen dugula baina banaketa hori ez da justua".

Diputazioekin bezala, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen zuzendari Aitor Telleriarekin biltzen saiatu da Zalduondoko Udala, jakiteko erkidegoko administrazioa prest egongo den ekarpena egiteko. "Lotsagarria izan da Telleriaren jarrera; ez digu kasurik egin".

Enegarren urratsa hilaren 15ean egingo dute. Batzar Nagusietan agerraldia egingo dute Zalduondoko eta Asparreneko alkateek, gaia "astintzeko" asmoz. "Planteatuko dugu errealitatea zein den, eta zer neurri hartu behar diren. Ez dakit konturatzen diren zer ari den gertatzen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago