Bederatzi talde izango dira Dulantziko Antzerki Amateurraren Jaialdian

Erredakzioa 2018ko aza. 2a, 11:53
Kaleka taldeak 'Brumas vespertinas' obra antzeztuko du. DULANTZIKO UDALA

Genero eta estilo asko bilduko ditu jaialdiak, baita haurrentzako ikuskizun bat ere.

Dulantziko Antzerki Amateurraren Jaialdiaren hamabigarren edizioa gaur zabalduko da, eta hilabeteko lehen hiru asteburuetan bederatzi talderen antzezlanak eskainiko ditu. Herriko kultur hitzordu esanguratsuenetakoa da jaialdia. Aurten, gainera, Espainiako estatuko bederatzi talde izango dira Dulantziko hitzorduan, eta beste hainbeste antzezlan ikusteko aukera izango da, estilo eta genero orotakoak; tartean, haurrentzako ikuskizun bat dago, txikienek ere jaialdiaz goza dezaten.

Jaialdia Elx (Valentzia) herriko Virtual Grupo Teatral taldeak irekiko du, ostiralean, azaroaren 2an, Floresta obrarekin. Taldeak Argentinan hasi zuen bere ibilbidea, 2000. urtean; gerora, 2003an, Valentzian finkatu zen. Larunbatean, azaroaren 3an, berriz, Teatro del Garabato antzerki-taldeak Dinero obra antzeztuko du. Madrilgo Cuarta Pared aretoko antzerki-eskolako ikasle ohien talde batek sortu zuen Teatro del Garabato, 2005ean. Asteburua Sopelako Kaleka taldeak itxiko du, Brumas Vespertinas lanarekin. 

Bigarren asteburuan, azaroaren 9an, Mutiolabeitiko Kukumix talde nafarrak Escenícas antzeztuko du; azaroaren 10ean, larunbatean, berriz, Madrilgo Teatrizzantek Como Niños ikuskizuna, eta igandean, Bilboko Alanbike Teatroak Sal Marina eskainiko du. Azaroko hirugarren asteburua Valladolideko Kinuna Teatrok Kikerikó y Lololiló clown-antzezlanarekin zabalduko du, azaroaren 16an; hurrengo egunean, Alacanteko Sen Sen Produccionesek Donde nacen las mariposas obra aurkeztuko du, eta igandean, berriz, jaialdia amaitzeko, Laudioko Siroko antzerki taldeak Bernarda 5.0 aurkeztuko du.

Amaitzeko, musikaren eta antzerkiaren bidetik etorriko da Jaialdiko Gala, azaroaren 24ean. Parte-hartzaileei sariak eta diplomak banatuko zaizkie, eta El Mono Habitado antzerki-talde gasteiztarraren ikusikizun dibertigarria gozatzeko aukera izango da; gainera, Dulantziko Musika Eskolako Folk Taldeak akonpainamendu musikala egingo du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide