Asparrena eta Donemiliagako udalek ikerketa abiatuko dute Arakil ibaian jazo diren isurien jatorria argitzeko; aste honetan bertan Zadorra Bizirik plataformak salatu du hidrokarburoen isuri bat gertatu zela Amezaga eta Arakil ibaien artean. URAk azaldu zuen isuri txikia zela eta ez zituela kalte larririk ekarri.
Bada, gaur goizean bildu dira Donemiliaga eta Asparreneko alkateak Zadorra Bizirik plataformako kideekin gaia aztertzeko. Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak ALEAri azaldu dionez, udalek badakite arazo bat dagoela bi udalerriek partekatzen duten industrialdean dagoen euri-uren kolektorearekin, eta aitortu du orain arte ez diotela arazoari behar bezala aurre egin.
Izan ere, Auzmendiren esanetan, URAk ez dio garrantzirik eman isurketari, eta orain arte Udalak jaso duen salaketa eta informazio bakarra Zadorra Bizirik plataformak helarazitakoa izan da. "Haiei esker ikusten ari gara arazo bat dugula, eta neurriak hartuko ditugu".
Hurrengo astean bilduko dira berriro alkateak eta Zadorra Bizirik Plataformako kideak teknikoekin isurketa nondik datorren ikertzeko. Dena den, Asparreneko alkateak argitu nahi izan du industrialdea eta batez ere "susmagarriak" izan daitezkeen enpresak Donemiliagan daudela.