Herrira jaisten diren Toberiako ur-jauziak Arabako leku eder eta ezkutukoenetariko bat izateaz gainera, herriko historiaren parte garrantzitsua dira.
Aspalditik baliatu dute herritarrek errekaren indarra. 1787. urtean hain zuzen herriko lehen errota eraikitzea agindu zuen kontzejuak, eta urte luzez baba, oloa, garia, garagarra eta algarrobarekin eginiko mesto izeneko nahasketa ehotzen zuten herritarrek bertan, ganaduari emateko. Halaber, zurgindegi eta errementari bezala funtzionatu zuen Andoingo errota zaharrak urte luzez.
Halere, despopulazioak eta elektrizitatearen helduerak errota abandonatzea ekarri zuten, 1990. urtera arte. Urte horretan bikote gazte batek erosi eta birgaitu zuen.
Ohikoa izan da toberia hitza gaztelaniazko tubería izenarekin lotzea. Dena den, Gerardo Lopez de Gereñu etnologoaren ikerlanak Toberia (eta ez tubería) jasoa du (Toberiako ur-jauziak, hain justu), Entziako mendigunean.
Toponimo horrek tobarriarekin du zerikusia, ur-jauzien ondoko substratuan tobarria azaleratzen baita, kareharrizko arroka oso porotsua; eta iturburu horietako urak joan-etorrian ibili eta kareharrizko materialak disolbatu dituztenean sortzen da toba.
Toberia ingurukoekin batera, edertasun handiko txoko anitz ditu Andoinek. Santa Marinako elizatik ikusi dezakegu Entziako mendilerroa. Pagoak eta haritzak nagusitzen dira hegoaldean, eta Legaireko larreek okupatzen dute mendizerraren goialdea. Iparraldera begiratuz gero, Altzaniako haitzak aurkituko ditugu, Olano buru dutenak. Karabidera joanez gero, Ziordia dugu aurrean eta mendebaldean Ibarguren. Herrian nabarmentzekoa da San Joan parrokia eliza. XVIII. mendeko zutabe toskanarrak, koru aipagarria, XVI. mendeko erretaula nagusi platereskoa eta XVIII. mendeko alboak ditu.