Landa Garapenerako Astearen barruan ospatuko da V. Lautada Eguna

Erredakzioa 2018ko urr. 20a, 09:06
V. Lautada Egunean buruhandien erakusketa egingo da. ALEA

Merkataritza, natura eta kulturari buruzko lantegiak izango dira eskualdean, urriaren 21etik 28ra.

Arabako Lautadako Landa Garapenerako II. astea antolatu dute Landa Garapenerako Elkarteak, Lautadako Kuadrillak eta eskualdeko udalek, urriaren 21etik 28ra bitartean, eta urriko azken igandean ospatuko dute V. Lautada Eguna, Zalduondon. 

Zurrumurruen aurkako ekintza lantegia egingo dute igande honetan, urriaren 21ean, Durruma Donemiliagako gizarte etxean, 12:00etan. Urriaren 22an, berriz, El Trenico pelikularen emanaldia eta ondoren eskualde garraioaren inguruko mahai-ingurua izango dira, Burguko udal areto nagusian, 18:00etan. Asteartean, "Arabako Lautadan naturarekin bat eginez" lantegia antolatu dute, Katia Huesoren eskutik, Potzuetako putzuan. Herediako Larrate gizarte etxetik abiatuko da txangoa, 17:30ean. Urriaren 24ean, asteazkenean, landa ingurunetako merkataritzari buruzko hitzaldia eskainiko du Karmentxu Intxaurragak, eta ondoren Lautadako merkataritzaren erronken inguruko mahai-ingurua egingo da, Aziluko gizarte-etxean.

Egitarauaren ekitaldi nagusietako bat ostegunean izango da, urriaren 25ean; Landa Garapenaren II. Jardunaldi Teknikoa egingo dute, gertuko esperientziak ezagutarazteko eta arrakasta gakoak azaltzeko. HAZIk gaiaren inguruko aurkezpena egingo du, ekintzaileak motibatzeko lantegia ere izango da. Araiako zineman izango dira jardunaldiak.

Ostiralean, urriaren 26an, berriz, jai-giroa nagusituko da; Lautada Bizirik ACICSA merkatarien eskutik Psycho-Clown taldeak perkusioa, argia eta sua eramango ditu Dulantziko kaleetara, 19:45ean hasiko den ikuskizunean. Larunbata izango da Euskaraldiari zuzenduriko eguna, izan ere Kuadrillako ordezkari politikoek eta publikoek lantegia eta talde argazkia egiteko hitzordua dute, Aguraingo Zabalarten, 12:00etan.

Jardunaldiak borobiltzeko, igandean, Zalduondon V. Lautada Eguna ospatuko dute honako egitaru zabalarekin:

08:00 Nordic Walking irteera.

10:30 Landa inguruneetako ihauterietako pertsonaien erakusketa eta Lautadako nekazaritza eta artisautza merkatuaren irekiera ofiziala.

10:45 Graffitti tailerra: "Landa eremuko emakumeen zereginak".

11:00 Arabako Lautadako Koruen topaketa: Araiako abesbatza, Erkametza abesbatza, Aiala Abesbatza, Kataliturri abesbatza, Eguzkilore abesbatza.

12:00 Zaporeen laborategia.

12:30 Bolo txapelketa

13:00 Umeekin sukaldatzen.

13:30 Zunbatada.

Goizean zehar lantegi ezberdinak aukeran: zeramika, artilea, zumea, harria, egurra, gozokiak...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide