Arabako Aldundiaren Ingurumen Sailak begiratoki bat eraikiko du Garaioko eliza izan zenaren dorrearen goialdean. "Kokaleku estrategikoa da eta ahalbidetuko du gure urtegien eta haien inguruaren ikuspegi pribilegiatua izatea", nabarmendu du Ingurumen Saileko foru diputatuak, Josean Galerak.
Dorrean dauden zikoinak babesteko, obrak ez dira hasiko hegazti bikoteak habia utzi eta urteroko migrazio-bidaia hasi arte, hilabete honetan ziur aski. Halaber, bisitariek zikoinak kanpoan dauden hilabeteetan soilik izango dute aukera begiratoki berrira igotzeko. Garaioko eliza Zadorrako urtegien ikurretako bat da, eta Aldundiak hainbat zaharberritze eta sendotze obra egin ditu bertan. Elizaren egitura guztia eta inguruak ingurumen irizpideen arabera zaharberritu dira. 2016. urtean egindako esku-hartzean, argibide-taulak jarri ziren, urtegia eraiki ostean hustutako herriaren historia azaltzeko.
36.000 euroko aurrekontua duten obren barruan aurreikusita dago eskailera kiribil berria eraikitzea, dorrearen barnealdean.