Batera dimititu dute Barrundiako EAJko zinegotziek

Erredakzioa 2018ko ira. 12a, 12:04

Barrundiako EAJren udal taldearen aurkezpenaren argazkia, 2015. urtean. / EAJ

Araba Buru Batzarreko buruzagiek zuzenduko dute hemendik aurrera udal taldea.

Araba Buru Batzarrak bere gain hartu du Barrundiako EAJko udal taldea zuzentzeko ardura, bertako hiru zinegotziek batera dimititu ostean. Maria Jesus Gomezek, Julia Diaz de Mendibilek eta Jose Antonio Perez de Arriluzeak ekaina eta uztaila bitartean aurkeztu dituzte dimisioak, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta. 

Alta, hainbat iturriren arabera, dimisioa eman duten zinegotziek ez dute begi onez ikusten EAJk Abiadura Handiko Trenaren inguruan eta uraren kudeaketari buruz duen jarrera politikoa. Printzipioz, 2015. urteko hauteskunde-zerrendan zihoazen hurrengo hiru jeltzaleek ordezkatu behar zituzten dimititu dutenak, baina, antza denez, horiek uko egin diote ardurari. 

Gauzak horrela, Arabako Buru Batzarrak hartu du egoera zuzentzeko ardura, eta hain zuzen EAJren zuzendaritzako hiru buruzagik ordezkatuko dituzte Barrundiako zinegotziak: Jose Antonio Suso, ABBko lehendakaria, izango da udal taldeko bozeramailea, eta Jone Berriozabalek eta Joseba Diez Antxustegik lagunduko diote lanean. Hurrengo udalbatzan hartuko dituzte hirurek zinegotzi karguak.

"Udal auzi bat"

ABBko lehendakariak aitortu du ez dela ohikoa zinegotziek blokean dimititzea, baina garrantzia kendu dio auziari, eta ukatu du desadostasunak egon direla alderdiarekin: "Udal auzi bat da, ofizialki ez dago beste arrazoirik, ezta pertsona horienganako konfiantza faltarik ere. Erabakiaren berri eman zidatenean hori nabarmendu nahi izan zuten".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago