Techno gauak, Ozetako Sorgingunean

Erredakzioa 2018ko ira. 7a, 11:06

Alemaniako lagun ugari elkartuko ditu Ozetako jaialdiak. /Alea

Igandera bitartean, Euskal Herriko eta Alemaniako hamaika DJ batuko ditu Harrikada festibalak; gainera, tailer, kontzertu akustiko, hitzaldi eta formakuntza ikastaroak eskainiko dituzte.

Gaur hasi eta igandera bitartean, musika eletronikoaz gozatzeko aukera izango da datozen egunetan Ozetako Garaion Sorgingunean. Bertan Euskal Herriko zein Alemaniako DJ zein musika ekoizleez gozatzeko aukera izango da. Euskal Herritik, besteak beste, Stereorockseko sortzaile izandako Les Alsborregach izango da, azken aldi honetan The XX talde ospetsuak Bilbon antolatutako Night and Day saioan ere ibili izan dena. Baina ez hori bakarrik, Telmo Trenor, Balza, Dj Cubo edo Gasteizko Jimmy Jazz aretoko HEARTz saioa gidatzen duen Miss Biotza ere bertan izango dira.
 
Harrikada Kultur Elkartea iazko udazkenean sortu zen musika elektronikoaren alorrean Berlin eta Euskal Herriaren artean zubiak sortu nahian. Horregatik, Berlingo musika clubetan aritzen diren DJak izango dira Harrikadan ere. Besteak beste, Sisyphos aretoko Yetti Meißner eta Leon Licht, edo Rummelsbuchteko egoiliarra den Andreas Rauscher. Azken aldi honetan Alemaniako festibal garrantzitsuenetan aritu diren Station Endloseko Casimir von Oettingen eta Electronic Elephant ere Ozetan izango dira. 
 
Musika elektronikoaz gain tailerrak eta saio esperimentalagoak izango dira, tartean Gasteizko Beñat Goitiak, Adrian Puck eta Aitor Zarzuelok gidatzen duten Isturitzetik Etiopian Barrena saioa esaterako. 
 
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago