Ipar-mendebaldean dago, Elgea eta Urkilla mendilerroen magalean, eta Ugarte errekaren ertz bietan.
Buztingintzarekin lotuta dago bertako historia. Frantzia aldetik etorritako Boie sendia, esaterako, eltzegile moduan ibili zen 1850 arte; Espainiako gerraren ostean, buztinola ia guztiak suntsituta zeudenean, Fructuoso Fernandez de Larrinoa iritsi zen Elosutik, semearekin batera, eta eltzeri bat sortu zuten; 1942 eta 1976 artean martxan egon zen Euskal Herriko azken buztinola garrantzitsuenetakoa.
Gaur egun, bi herrik osatzen dute kontzejua: Narbaxak eta Barriak. Lehenengoan, San Esteban eliza bisitatu daiteke. Antzinako gotorleku eta lehenagoko eliza erromaniko baten gainean eraikita dago XVI. mendean, eta horren aztarnak ikusi daitezke iparraldeko horman dagoen xake-itxurako inpresio batean. Osagai barroko, neoklasiko eta pizkundekoekin egindako tenplua da, eta ezaguna izan zen 1900. urtean Antonio Ortiz Etxague margolariak egindako La misa de Narvaja lanagatik.
Barria
Barrian, berriz, monasterio multzoa dago; egun gazteentzako aterpetxea da, 60. hamarkadan moja zistertarrek komentua utzi eta goitik behera berritu eta egokitu ostean. XII. mendean, ordenak eraikitako aurreneko monasterioetako bat da hau; Araban daudenen artean garrantzitsuenetakoa. Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen 2003an, monumentu sailkapenarekin.
Bi zatitan dago banatuta: Barriako Andre Mariaren eliza eta monasterioa. Abadesen klaustroa eta hilerria dira nabarmentzekoak bertan; Errenazimenduko lan bitxia da klaustroa, XVI. mendean elizaren hegoaldean egina. Bi solairu ditu, alboetan sei arkurekin eta leiho laukizuzenak dituen iraganbide itxi batekin.
1232. urtean Gregorio IX. aita santuak emandako bulda zegoen han; baina, antza denez, Oionera joatean tenpluaren antzinatasuna erakusten duen agiria ere eraman zuten mojek eurekin.