Emakume pilotariak izango dira Zalduondoko Zeledon Eguneko protagonistak

Erredakzioa 2018ko uzt. 26a, 12:48

Leire Garai, Patri Espinar, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz pilotariek osatuko dute bi bikoteak. Emakumezkoen kirola agerian jarri eta sustatzeko asmoa du herriak aurtengo edizioan. 

Igande honetan, uztailaren 29an, izango da Zalduondon Zeledon Eguna. Aurtengo edizioan, emakume eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa nabarmendu nahi dute herrian. Hori dela eta, pilotan diharduten lau emakume izango dira protagonistak. Modu horretan, emakumezkoen kirola agerian jarri, sustatu eta mitoak apurtzeko asmoa dute.

Hala, 2018ko Arabako lau t'erdiko txapelketaren garaile izandako Leire Garai gasteiztarrak Patri Espinarrekin batera osatuko du lehen bikotea. Azken honek One Wall mundu txapelketa irabazi du Euskal Herriko selekzioarekin. Bigarren bikotea, Miren Larrartek eta Olatz Ruiz de Larramendik osatuko dute. Larrarte San Fermineko lau t'erdiko torneoan txapeldunorde izan da.

Partiduaz gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte herrian. Tartean, herriak duen indarkeria matxistaren aurkako jarrera aldarrikatzeko photo call bat eta, ohi den moduan, Torrelarreko parkean dagoen iturritik Arabako Errioxako ardoa isuriko dute, ura beharrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago