Urriaren 7an egingo du galdeketa Dulantzik

Mirian Biteri 2018ko uzt. 27a, 07:21

Klaratarren baratzaren erabilera erabakiko duen herri kontsultaren data onartu du udal osoko bilkurak.

Dulantziko Udalak dagoeneko jarri du Santa Klarako komentuko ortuaren etorkizuna erabakiko duen herri galdeketarako data. Urriaren 7an izango da herri  kontsulta, 12:00etatik 20:00etara bitartean.

Herriko Hiri Antolakuntza Plan Orokor berriak baratza hori hiru zatitan banatzea proposatu du: gaur egungo komenturako lorategi bat, etxebizitza eraikin bat eta plaza publiko bat. Plan horren arabera, Dulantziko Udalak plaza egiteko lurra erosi behar du eta mojek eraikinean doazen zortzi etxebizitzak merkatu librean saldu ahal izango dituzte. Herritar guztiak ez daude, baina, horrekin ados, eta 300 bat lagunek helegitea aurkeztu zuten orain dela hilabete batzuk.

Gauzak horrela, EH Bilduk herri galdeketa loteslea abiatzeko proposamena egin zuen, eta osoko bilkuran onartu ostean, martxan jarri zuten horretarako prozesua. PSE-EEk izan ezik, gainerako udal talde  guztiek babestu zuten proposamena. Espainiako administrazioari baimena eskatu zioten, eta apirilean horren oniritzia jaso ondoren, galdeketaren xehetasunak adostu eta onartu berri dituzte orain Dulantziko ordezkari politikoek.

Bi mahai

Urriaren 7an izango da bozketa. Zehazki, plan orokorrean proposatzen denarekin ados ote dauden erantzun beharko dute herritarrek, kultura etxean jarriko diren bi mahaien bitartez. Egun horretan bozkatzerik ez duten pertsonek aldez aurretik ere eman ahalko dute botoa: hain justu ere, irailaren 26tik urriaren 3ra bitartean, 09:00etatik 14:00etara, udal idazkaritzan. Bestalde, mahaikideak osatzeko borondatezko epea amaituta, inork izena emango ez balu, zozketa bidez egitea ere onartu du Udalak. Irailaren 11n egingo litzateke hori.

Udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea dutenek izango dute honetan ere bozkatzeko eskubidea. Hori horrela, jendaurrean dago egunotan errolda, datuak zuzenak diren egiaztatzeko, eta beharrezkoa balitz dagozkion erreklamazioak aurkezteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago