Aurten ere umorerik ez da faltako Araian abuztuan. 25 urte bete ditu dagoeneko Arabako umore antzerki jaialdi garrantzitsuenak, eta hori ospatzeko ikuskizun bereziak prestatu dituzte. Aurretik iragarritako Faemino y Cansado bikote ospetsua eta Sherezade eta tipularen azalak lanarekin batera, besteak beste, Trapu Zaharra, Vaiven, Markeliñe edota Yllana konpainien azkeneko lanak aurkeztuko dituzte.
25. urteurrena Sorberrien programaren bigarren edizioarekin hasiko da. Uztailaren 27, 28 eta 29an izango da, eta konpainia eta ikusleentzat elkargune berriak sortzea du helburu. Tranpola (Verónica, ella y yo), Katastrofen! (Neopreno) eta Hara Nori (Jainko bat) proiektuen bidez erakutsiko dituzte beren lanak Andra Mari aretoan, 20:00etan. Eta horrekin batera, uztailaren 26tik 28ra bitartean, antzerkirako hastapen ikastaroa antolatu dute Araian bertan, El Mono Habitado konpainiak gidatuta.
Arrazpi Berrin
Ohi bezala, jaialdi nagusia abuztuaren 11tik 15era bitartean izango da Arrazpi Berri kiroldegian. Larunbatean, abuztuaren 11n, Baccalà konpainiak Pss Pss lana aurkeztuko du, Chaplin eta film mutuen kutsua duen obra. Igandean, Vaivén konpainiaren Sherezade eta tipularen azalak’ lana: kutsu surrealistako ipuina, umorea eta poetika uztartzen dituena eta emakume izateaz hausnarrarazten duena.
Astelehenean, abuztuaren 13an, umore absurdoan erreferentzia diren Faemino y Cansado bikoteak Quien tuvo retuvo lana taularatuko du. Abuztuak 14an, ongizatearen gizartearen gaineko begirada komikoa ekarriko du Teatro en Vilo konpainiak Interrupted lanarekin. Eta, kiroldegian eskainiko diren ikuskizunei amaiera emateko, jaialdian beti izan ohi den musika ukitua ekarriko dute genero horretako maisu diren Yllana konpainiakoek The Primitials lanaren bidez.
Kaleko proposamenik ez da faltako, noski. Umorea, musika eta keinuekin uztartuko dituzte Amico Teatrok (Amico on the beach) eta Markeliñek (Chef Nature); umorea, clownaren bitartez Ganso & Cía konpainiak (Babo Royal) eta Maku Fanchilinik (Metro y medio) konpainiek; umore kritikoa eta barre algara garratzak Trapu Zaharra (Sefiní) eta Barsanti Teatroa (Kale gorrian) konpainiek; eta umore poetikoa La Industrial Teatrera konpainiak, Náufragos lanarekin.
Umorea, hogei herritara
Gainera, Arabako hogei bat herritara ere helduko da Araiako umore jaialdia. Aurretik aipatutakoak eta Hortzmuga konpainiaren Libertia lana eta Zo-Zongó!! konpainiaren Psycho-clown lana ikusi ahal izango da horietan.
Egitaraua eta sarreren inguruko informazio guztia: www.jaraialdia.com