Hegaztien udako hitzordura

Erredakzioa 2018ko abu. 16a, 07:00

Hegaztien udako egonaldia patxadaz ezagutzeko aukera ematen du Lautadako Kuadrillan dagoen Mendixurko parke ornitologikoak; bi bide nagusi eta bi behatoki aurki daitezke parkean.

Leku aproposa hartu, prismatikoak prestatu eta animalien zain geratu. Gero eta lagun gehiagoren zaletasuna da hegaztien joan-etorriak behatzea, eta horretarako txoko paregabeak ditu Arabak. Mendixurreko parke ornitologikoa bisitatu beharreko lekua da naturaz gozatu eta, bereziki, hegaztiak gertutik jarraitu nahi dituztenentzat. Horretarako, Mendixurreko natur-eremuak 70 hektarea baino eskaintzen ditu, Garaioko urtegiko hegoaldeko adarretan. Nazioarteko garrantziko hezegunetzat (Ramsar) jo dute, eta Natura 2000 Sarearen barruan ere badago –Zadorraren Sistemako Urtegien Europako Batasunaren Intereseko Lekua da–.
 

Parke ornitologikoa Gasteiztik 15 bat kilometrora dago, ipar-ekialdean, Uribarri Ganboako urtegiaren hegoaldeko isatsetan. Kotxez bertara iristeko, A-3012 errepidea hartu behar da. Maturanara iritsi baino apur bat lehenago, Garaioko parkerako sarrera adierazten duen desbideratze bat dago. Ezkerrerantz ateratzen den lehenengo bideak parke ornitologikoko aparkalekura darama zuzenean.  
Garaioko parketik bizikletaz joatea izan daiteke beste aukera bat; urtegiko ibilbide berdea hartuta, 3 bat kilometroko ibilbidea eginez, errepidetik joan beharrik gabe eta Garaioko informazio bulegoan bizikletak maileguan hartuta. Urizarko dikera heldu baino lehen parke ornitologikorako desbideratze bat dago.


Egonaldia patxadaz

Sasoiaren arabera, hegazti eta kolore desberdinak aurkituko ditu bisitariak. Migrazio bidaien ostean, uda partean hegazti familien egonaldia patxadaz behatu daiteke begiratokietatik; euren kantu, habi, erakusketa eta gorteiatzeez gozatu daiteke, murgil, basahate eta kopetazurien familia ugarik hantxe igaroko dutelako uda. Eta baita horren ezagunak ez diren espezie familiak ere, koartza gorriak tartean. Lumaberritzea hasi duten animaliek euren txokoa bilatuko dute, ahate gorriek bezala, eta lasai aurki daitezke multzo hauek inguruetan.  
Bi bide nagusi, bi behatoki eta informazio eta interpretazio panelak aurki daitezke bertan.
Biributxi bidea da aukera horietako bat. Mila metro baino  gutxiagoko ibilbidea egin, eta uraren ertzean aurkituko daiteke Hegazti Urpekarien behatokia. Errekabarri biderantz abiatuta, bestalde, informazio paneletik 350 bat metrora dagoen Kaskabeltzen  behatokira heldu daiteke, ibarroiak, kopetazuriak, basahateak edota murgilari arruntak begiztatzeko.
Aire zabaleko behatokira joatea da beste aukera bat. Errekabarri bidearen amaieran dago Trogloditen behatokia. Elorri beltzen, lizarren eta haritzen artetik igarotzen da ibilaldia, basoetan bizi diren hegaztiei elikagaiak ematen dizkien zuhaitzen artetik.


Bisitaldi gidatuak

Hegaztiak behatzea jarduera lasaigarria eta aberasgarria da, gero eta zale gehiago dituena, baina hegaztiak ondo behatu ahal izateko eta aldi berean hegaztiei ahalik eta enbarazurik txikiena egiteko hainbat gomendio izan behar dira kontuan. Eta horregatik, beharbada, bisita gidatu batean parte hartzea interesgarria izan daiteke; uretako hegaztiak euren natura ingurunean begitaztu eta ezagutzen lagunduko duen gida-interprete batekin. Bisitak ordubete inguru irauten du, eta ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Gaztelaniaz zein euskaraz egin daitezke hauek (695 782 498).
Ez da aukera bakarra, ordea. Norberak gidatutako ibilbide bat ere egin daiteke, interpretazio panelen laguntzarekin. Uretako basoa nolakoa den ikusi, paisaia nola eratzen den ezagutu edota zangaluzeen uhartea behatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide