Inguruetan aurkitu diren hondar arkeologikoek berretsi dute Egino historiaurretik gizakien eta kulturen igarobide garrantzitsua izan dela. Hondar horien arteko batzuk, hain zuzen, Egino eta Ilarduia artean dagoen Jentilkoban aurkitu dituzte. Dena den, 1092. urtera arte ez da Egino dokumentuetan jasota agertzen; urte horretan jaso zen abizen toponimiko batean, eta, lau urte beranduago, Eguinoa izena agertu zen beste agiri batean, zeinetan Guiderez de Eulate jaunak eta bere emazte Sancha andreak barruti hartan zituzten zenbait lurren dohaintza egin zioten Iratxeko monasterioari. Donemiliagako glosetan agertzen da, baita ere, Egino. Ondoko Ibarguren eta Andoin herrixkekin batera –Entziako mendialdean–, eta Ilarduia eta desagertuta dagoen Artzanegirekin batera –Altzainako mendialdean–, ahari bat ordaintzen zioten urtero Iratxeko monasterioari. XVI. mendean, 1556an, Eguinoa bezala azaltzen da herria; esaten dute hamar auzokide zirela eta egun desagertuta dagoen San Kristobal baseliza aipatzen dute. Ekonomiaren ikuspuntutik, hainbat errota izan ditu bere inguruetan Eginok. XIX. mendeko erdialdera arte industria ere bazen bertan. Inguruetan, burdin, berun, okre gorri eta harrikatz meatzeak zeuden. Errotarri biko irin-errota bat zuen garai hartan eta buztingintza tailerra, latorritegia eta karobia ere; mendietatik ateratako egurra nahiz egur-ikatza ere esportatzen zituzten. Herrian hiru karobi izan ziren, baina bakar baten aztarnak gelditzen dira gaur egun. XX. mendearen erdian, karea modu industrialean egiten hasi ziren, eta karobiak desagertu ziren. Lezeatarren dorreak zelatatzen du Arabako lurraldeetara sarbidea, Nafarroako sakana aldetik. Urbasa eta Aratz mendilerroen arteko lurraldean familia boteretsua osatu zuten lezeatarrek, eta dorrea eraiki zuten XVII. mendean. Gaur egun, jatorrizko egituratik ia ezer ez da gelditzen; jatorrizko eraikuntzan desagertuta dagoen arkudun atea zen dorrerako sarbidea.