Agurainen Euskaraldia ekimenean parte hartuko duten lehenengo enbaxadoreak aurkeztu dituzte ostiralean. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte egingo den ariketa sozialean parte hartzeko deia luzatu dute lagun horiek.
Norberak azaldu ditu aurrerapausoa emateko izan dituen arrazoiak. Esaterako, Natalia Castro Asurmendik "hizkuntza zaindu, gozatu, mintzatu eta maitatzeko" beharra azpimarratu du. Pablo Hernani Gilek "etxean euskaraz bizitzeko hartu genuen erabakia" publiko egin nahi duela dio. Ana Luzarraga Quintanak argitu du belarriprest izango dela baina "ahobizi izateko ikasten" ari dela, "euskaraz bizi" nahi duelako. Kawthar Belfdal Maamarrek aitortu du erdaraz hitz egiten duela beti, ikastetxean izan ezik. "Herrikoekin hitz egin nahi dut, horrela, besteei euskaraz aukera emango diet eta nire euskara hobetuko dut". Karlos Iturriaga Arrabalen esanetan, "euskaldunok egiten gaituena ez da lurraldea, ezta banderak, ikurrak, edo abizen bat. Euskaldunok egiten gaituen altxorra euskararen erabilera da."
Herritarrei ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete. Bestalde, azaldu dute Euskaraldiaren talde eragileak hiru prozesu abiatuko dituela: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzeko jarduera eta metodologiarako sustatzaile gehiago lortzea. Helburu horiek buruan, maiatzean eta ekainean zehar tailer, ikastaro eta ekitaldi ugari egingo dituztela azpimarratu dute.