Gure bazterrak

Uribarri ez dena

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 20a, 19:00

Gipuzuriko eremuan dago Santa Isabel ermita.

Uribarriko mendatearen magalean dago Jauregi. Ongi bereiztutako bi gune ditu, Santa Isabel ibaiaren sakanaren ondoan dagoen mendilerroaren mendi-mazela, eta herria eta nekazaritza lur sailak, lautada zabalean.

Pascual Madoz legelari eta politikari nafarraren  Diccionario geografikoan jasota dago klima oso hotza egiten duela Jauregin hego-ekialdeko haizearen eraginpean dagoelako herria, eta sarritan bizilagunak biriketako minak eta hotzeriak jota gaixotzen direla. Donemiliaga udalerriko Adana eta Uribarri Jauregi herriek inguratzen dute, eta Laminoria mendilerroak eta Arraia-Maeztuk ixten dute hegoaldetik. 

Iruraiz-Gaunako herririk gehienak bezala Mendozatarren leinukoak ziren Infanterriko Dukeen jaurerriaren barruan zegoen, XVI. mendean, eta horrenbestez jauntxoren batena da herriari izena eman dion dorre-jauregia. Mendozatarren eta beren basailuen arteko harremanak oso gatazkatsuak ziren, eta iskanbila horiek zerikusi handia izan zuten Uribarri Jauregi ko fundazioarekin; sortu zenean Donemiliagako Ermandadeari atxikitu zen Uribarri Jauregi eta biztanle ugari kendu zizkion Jauregiri. 

Jauregi inguruan bi herri izan ziren, egun desagerturik, Elge eta Gipuzuri. Elge desagertu ostean, bertako San Juan eliza XVIII. mendera arte iraun zuen baina 1947. urtean eraitsi zuten. Gipuzuriko aztarna bakarra Erdi Aroko Santa Isabel ermita da;  Adana, Azilu eta Jauregiko Lauribaso izeneko baso komunean dago. Toki zoragarria eta ezkutua da, eta erromeria egiten dute irailean. Tenplua oso sinplea da, jatorri erromanikoa du eta leiho handia, harburutxoen lerro bat eta aurrealde zistertarra dira aipagarriena.  Gipuzuri herriaren sorrera  ikatza egitera etorritako gipuzkoar langileekin lotuta dagoela uste dute hainbat ikertzailek. Pagadi handi baten erdian zegoen herria, errekaren ondoan, antzina Laminoriara zihoan aragoiarren bide errealaren erdian, eta Entziako mendilerroa eta Agurain lotzen duen bidearen bazterrean.

Fitxa:

Kuadrilla: Lautada.

Udalerria: Iruraiz-Gauna.  

Biztanleak: 9 (Eustaten 2017ko datuen arabera).

Bitxikeria: Vasco-Navarro trenaren ibilbide berdeak Jauregiko lursailak zeharkatzen ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago