Astelehenetik igandera bitartean, 09:00etatik 21:00etara. Denbora tarte zabal horretan dago erabilgarri nahi duenarentzako Ozetako kiroldegian dagoen Barrundiako rokodromoa. Azaroan inauguratu zuten, eta, ordutik, asko dira 94 metro karratuko zabalera duten instalazio horietatik pasa direnak, eta datozen hilabeteotan ere bisita ugari espero dituzte.
Horietako batzuek udara begira antolatutako ikastaroetan parte hartuko dute. Uztailerako, hiru ikastaro prestatu dituzte: lehenengoa 2tik 5era izango da, helduentzat; bigarrena, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, 9tik 12rako astean; eta uztailaren 16tik 19ra bitartekoena familientzat dago zuzenduta. Irailean beste hiru ikastaro aurreikusi dituzte.
Barrundiako Udaletik gogorarazi dute sarrera librea bada ere, hainbat arau daudela erabiltzeko: tartean, erabiltzaileek kaskoa, arnesa eta homologatutako soka erabiltzea derrigorrezkoa dela eta adin txikikoek heldu baten ardurapenean erabili beharko dutela beti. Horrekin lotuta, ohartarazi dute ez dela erantzule egingo kirol jardueragatik sor daitezkeen kalte, lesio edo istripuen aurrean.
Instalazioak zaintzeko deia
Aldi berean, Afro Olabe alkateak azpimarratu du erabilera ez egokiagatik sortu daitezkeen kalteen ardura izango dutela erabiltzaileek, eta, horrekin lotuta, salatu dute rokodromoan dagoeneko materiala desagertzearekin batera, hainbat apurketa ere gertatu direla. Hori horrela, instalazioak behar bezala zaintzeko deia egin du, eta iragarri du batzarra deitzeko asmoa dutela, mantenu lanak auzolanean egiteko aukera aztertzeko.