Artiumeko funtsa, Agurainen

Mirian Biteri 2018ko ots. 20a, 10:52

Zabalarte aretoan dagoen 'Sortzea, ez errepikatzea' erakusketan inguru hurbileko 31 artistaren lanak ikus daitezke martxoaren 18ra arte.

Bilboko La Taller sormen eta ikerketa plastikoaren espazioaren bidez sortutako eta Artium museoak bereganatu berri dituen grabatuak ikus daitezke martxoaren 18ra arte, Aguraingo Zabalarte aretoan, honako ordutegian: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara.

Gaur egun, Artiumen funtsetan lan grafikoko 500 bat pieza daude. Sortzea, ez errepikatzea erakusketa 39 grabatuk osatzen dute; azken hamar urteotan egindako 31 egileren lanak dira. Xilografia,   litografiak, serigrafiak,  akuaforteak edo estanpazioa bezalako teknika tradizionaletatik egungo sormen prozesu digitaleraino doaz, horien prozesu eta objektuen konbinazio posibleekin.

Erakusketarako lanak

Artelan guzti horietatik lau erakusketa honetarako propio egin dituzte beste horrenbeste artistek; zehazki, Nerea Lekuona, Natalia Albeniz eta Miriam Isasi gasteiztarren eta Mario Paniego amurrioarraren proposamenak gehitu zaizkio proiektuari.

Martxoaren 18ra arte egongo da Agurainen, eta, ostean, Amurrion ikusi ahalko da. La Casonan inauguratuko dute martxoaren 23an.

Grabatu eta serigrafia tailerrak

Erakusketarekin lotutako jarduera paraleloak antolatu dituzte datozen asteotarako. Ostiralean, hilaren 23an, grabatu lantegia eskainiko du Maite Martinez de Arenazak, 17:00etatik 19:00etara. Saioan bi teknika klasiko ezagutu ahal izango dituzte partaideek: punta lehorra eta lineografia. Sei urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta, plaza kopurua 25 lagunentzako izango da. Martxoaren 2an eta 3an, berriz, serigrafia tailerra egongo da, Ibon Saenz de Olazagoitiaren eskutik. Inprimaketa sortzailea egiteko teknika ikasiko dute bertan, diseinuak, marrazkiak eta argazkiak oihalaren gainean inprimatuz. Martxoaren 2ko saioa, 17:00etatik 20:00etara izango da; eta 3koa, goizez, 10:30etik 13:30era bitartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide