Gazetako Batzar Administratiboa eta SEO–Birdlife lan handia egiten ari dira azken bi urteetan harrapakari mota hau erakartzeko eta lurraldean finkatzeko. Lucia Peña SEO–Birdlife taldeko Euskal Herriko arduradunak adierazi duenez, oso albiste pozgarria da hegaztia inguruan ikustea, hontz zuriaren populazioa gero eta murritzagoa baita Europa osoan; gehienbat nekazaritzan erabiltzen diren pestizidek animaliak hiltzen dituztelako eta habitat gero eta mugatuagoa dutelako. Hontz zuria gaueko harrapakaria da, eta nekazaritzan oso lagungarria, intsektu handiekin, arratoiekin eta satitsuekin elikatzen baita.
Hontz zuria agertzea Gazetako Batzar Administratiboak eta SEO–Birdlife taldeak elkarlanean abiatu duten lurraldea babesteko egitasmoaren ondorio zuzena dela uste du Peñak: "2015. urtean lurraldea zaintzeko akordio bat sinatu genuen, basoen eta urmaelen nekazaritza erabilera paisaiaren eta ondare naturalaren babesarekin bateragarri egiteko. Hamar urteko buruan, biodibertsitatea hobetzeko ekintzak aurreikusi genituen". Horien artean, hamar habia-kutxa jarri zituzten hontzen ugalketa laguntzeko. "Añuan jarri genituen batzuk, eta urte asko egon dira hor, apurtu ziren arte; aste honetan ikusi dugun hontz zuria ziurrenik habia-kutxa horietako batean jaio zen, eta orain bere lurraldera itzuli da".
Gazetako eta Burguko herritarrekin izaten ari diren elkarlana azpimarratu du SEO–Birdlifeko arduradunak: "Oso-oso gustura gabiltza elkarrekin lanean, ekimen asko egin ditugu azken urteetan, eta bizilagunen parte-hartzea oso handia izan da".