Gure bazterrak

Euskarak luze iraun zuen Marietan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ots. 16a, 21:00

Marietako Gurutze Santuaren eliza.

Barrundia udalerriko herria da Marieta, eta Elgeako mendizerraren azpian dago. Euskara izan zen Marietako hizkuntza nagusia duela gutxira arte.

1956. urtera arte, Ganboa udalerriko parte zen Marieta, baina udalerri hura desagertu zen Uribarri-Ganboko urtegia eraiki zutenean, bere lur gehienak ur-azpian geratu baitziren. Une hartan, Larrintzar herriarekin bat egin eta Marieta-Larrintzar izenarekin Batzar Administratibo bakarra osatu zuten.

Gaur egun laurogeita bost biztanle baditu ere, lehengo garaietan jende gehiago bizi izan zen bertan. Pascual Madozek 1848ko bere Hiztegi Geografikoan154 pertsona bizi direla jasotzen du. Halaber, esaten du berrogeita hamar etxe zirela eta baita lehen hezkuntzako eskola bat ere, non neskek eta mutilek batera ikasten zuten. Marietako herrigunea gaur egun baino mendebalderago zegoen kokatuta, Arlabango mendatera doan La PeÒa del Espinal inguruan hain zuzen. Han zegoen San Andres eliza zaharra ere, erromaniko estilokoa seguruenik; txikia geratu zenean, beste bat eraiki zuten haren gainean, Gurutze Santuarena  izenekoa.

Hain zuzen eliza horretan jasotako bataio-agiri zahar bat aurkitu zuten 2014. urtean Gasteizko Elizbarrutiko artxiboetan. Bataio agiriak 1481eko urtarrilaren 1eko data du eta Euskal Herriko zaharrena omen da. Agiria azal gotikoekin koadernatuta dagoen sakramentu-liburu batean zegoen, eta liburu horretan 1481 eta 1683 urteen arteko jaiotzak jasotzen dira, baita 1567 eta 1636 urteen arteko ezkontzak eta 1569 eta 1638 urte bitarteko heriotzak ere.

Euskara izan zen Marietako hizkuntza nagusia duela gutxira arte. Ladislao de Velascok 1870. urtean eginiko inkestaren arabera, Marietan eta Larrintzarren 150 euskaldun zenbatu zituen, biztanleen  %76. Pedro de Irizarrek, berriz, 1973. urteko inkestan jaso zuen Marietan, Ozetan eta Elgean zeudela bertako jatorrizko azken hiru euskal hiztunak.

MarietaFitxa

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago