"Lastozko gizona berreskuratu dugu"

Saioa Fernandez de Aranguiz / Itsaso Estarrona 2018ko ots. 2a, 11:46

Ilarduia, Egino eta Andoinen, herri-inauteri zaharrak berpiztu dituzte. Larunbatean erreko dute lastozko gizona. 

Ondare ukiezin katalogatu dituzte Arabako herri inauteriak; besteak beste, Zalduondon, Kuartangon, Kanpezun eta Salcedon berreskuratu dituzte antzinako ohiturak; baita Ilarduia-Egino eta Andoinen ere. Jose Venturak zehaztu ditu bertako festaren nondik-norakoak. 

Noiz hasi zineten Ilarduia, Egino eta Ilarduiako inauteriak berreskuratzen?  

2000. urtean egin genituen lehenengo bilerak. Ezer baino lehen, inauteriak nola ospatzen zituzten aztertu genuen. Azkenak –edo, gutxienez, horiei buruzko datuak genituen azkenak–, 1932koak izan ziren, herritar nagusiek kontatu zigutenez. 

Zer kontatu zizueten inguruko adinduek? Zer egiten zuten inauterietan?

Denetarik! Bakoitzak nahi zuena egiten zuen, baina antzekotasunak zituzten denen artean. Hiruzpalau festa-egun ziren, janariaren inguruan egindakoak. Errondan ateratzen ziren, etxez etxe, eta, garai horretan txerri-hilketa egiten zenez, txorizoak eta abar biltzen zituzten. Gehienetan, ardia edo txahala ere hiltzen zuten. Asteburuan hasten bazen festa eta ardi bat baldin bazuten, egun bat edo biko ospakizuna egiten zuten; txahala baldin bazuten, aldiz, hiru-lau egun irauten zuen ospakizunak, hura bukatu arte. 

Mozorroak nolakoak ziren? 

Harrapatzen zutena janzten zuten: zaku zaharrak, ardien larruak... Bazituzten ere jantzi txuri parpailadunak, apaingarri bezala erabili ohi zirenak. Eta kolore asko, arropa koloreduna. 

Nortzuk ziren protagonista? Gazteak, umeak...?

Batez ere, gazteak. Umeei dagokienez, gazteen oieskeriak jasaten zituzten, haurrak beldurtzea baitzen haien helburuetako bat. 

Nola izan zen berreskuratze-prozesua?

Hasieran, pentsatu genuen herri bakar batean egitea inauteria, hiru herriko bizilagunen artean antolatuta. Azkenean, 2006an erabaki genuen hiru herrietan egitea. Herri hauek txikiak dira: ez dendarik, ez tabernarik... loturak egiteko modu bat ere badira inauteriak. 

Zer pertsonaia duzue?

Pertsonaiak berreskuratzeko, Carlos Ortiz de Zarate apaizarekin egon ginen harremanetan ['Negua festa janzten da. Arabako herri inauteriak' liburuaren egilea]. Ilarduia, Egino eta Andoingo pertsonaia nagusia lastozko gizona zen, eta, gutxienez Ilarduian eta Andoinen, su ematen zioten eta petardoak jartzen zizkioten. Guk lastozko gizon hura berreskuratu genuen: asto gainean jartzen dugu, eta Ilarduiatik Eginora eta Eginotik Andoinera goaz; bertan, epaiketa egiten diogu... eta su eman. 

Nork idazten du sententzia?

Ez dakigu! [Kar, kar]. Baten batek idatzi egiten du eta, gutunazal batean sartuta, apaizari ematen dio, irakur dezan, nahiz eta mikrofonoak ez duen inoiz funtzionatzen.

Zeren errua botatzen diozue lastozko gizonari?

Urtean zehar gertatutako gauza txar guztiena. Heriotzak, lehorteak...

Zer beste pertsonaia duzue?

Kinkila-saltzaileak, hojalateroak [latorrigileak]... horiek dira politenak. Gainera, erraza izan da horiek berreskuratzea, inauteririk ospatzen ez zen urteetan ere bizirik egon diren pertsonaiak direlako. Nik gogoratzen dut Ziordiko kinkila-saltzailea (hezur-haragizkoa), eta, duela ez askora arte, ikusi ditugu gure herrietan lapikoak konpontzen zituztenak-eta. Elurtea botatzen bazuen, kinkila-saltzaileak hilabete ematen zuen herrian, eta bertako beste bizilagun bat zen. 

Hartza ere baduzue, ezta? Hibernazioa eta gero,  inauterietan esnatzen da... 

Duela hiru urte berreskuratu genuen, eta otsoa ere agertzen zen Andoinen. Animalia gehienak Andoingo inauterietan agertzen ziren; normala da, mendi-mendian dago-eta! 

Zer suposatu du herriarentzat ospakizun zaharra berpiztea? 

Lehen aldiz elkartu gara hiru herrietako biztanleak elkarrekin zerbait egiteko. Inoiz ez gara ezertarako –baina ezertarako ez!– hiru herrikoak elkartu. Ehundik gora lagun babarrunak afaltzeko elkartzea... meritu bat da. 

Zenbat pertsona ateratzen zarete inauterietan?

Jantzita, 40-50, gehi Zalduondo eta Aguraindik etorritako musikariak. Bazkaltzeko, beraz, 60 inguru. Hauxe izaten da gure plana: lehenengo, bazkaldu; ondoren, 16:00etan, eske-erronda egiten dugu bizpahiru etxetan, arrautzak, txorizoa, txistorrak... biltzeko. Tipi-tapa, Eginora gatoz oinez, edozein dela ere eguraldia. Bertan, torradak eta txokolatea meriendatzen ditugu, baita bisitariek ere. Iaz laurehun torrada jan genituen guztion artean! Askaldu ondoren, iluntze partean, Andoinera igotzen gara zuziak piztuta. Epaiketa egin, eta lastozko gizonari su ematen diogu. Ondoren arropak aldatzen ditugu, eta Andoinera joaten gara afaltzera. Tira, duela bi urte ez ginen iritsi, izotzagatik...

Zuk zer mozorro duzu?

Lastozko gizona euskaraz eta gazteleraz epaitzen dugu, eta, ni euskalduna naizenez, apaizarena egokitu zitzaidan... Pertsonaia lasaia. Eliz-mutil bat edo bi etorri ohi dira nirekin, eta lapiko batekin kea botatzen dute. 

Zer aurkituko dute bisitariek zuenean?

Ohitura zahar bat ikusteko aukera. Otsailaren 3an, zortzi gradu zero azpitik, brasileiraz jantzita joatea... ez dirudi oso aproposa. Baina lastoekin, larruekin, zakuekin eta arropa zaharrez josita, aguantatzen da. Bestela...

Zergatik da garrantzitsua egiten duzuena? 

Badago Andoingo bizilagun bat, 94 urtekoa, iaz ere inauteriak ospatu zituena, eta honako hauxe zioena: "Hau nik bizi izan dut txikitan!". Gorde behar dugun ohitura da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago