Berritu dute Zalduondoko Lazarraga jauregia

Erredakzioa 2018ko urt. 29a, 10:14

Euskal eta arabar kulturaren erakusketa gunea da Lazarraga jauregia.

Besteak beste, Arabako herri inauterien eta Lazarragaren erakusketak daude ikusgai.

Zalduondoko Lazarraga Jauregiak itxura berria estreinatu du. Aurreko ostiralean,  Arabako Foru Aldundiak eta Zalduondoko Kultura elkarteak euskal eta arabar kulturaren erakusketa gune berritua inauguratu zuten. Besteak beste, Arabako herrietako inauteriei buruzko erakusketa iraunkor bat, euskaraz idatzitako eskuizkriburik zaharrena eta arabar zeramikarien historia ikus daitezke.

Orain arte, Lazarraga jauregia museoa izan da, eta era guztietako ehunka pieza bildu, katalogatu eta antolatu ditu. Hilarriak, kutxak, erromatar aztarnak, inauterietako jantziak, horma irudiak, etab. bildu ditu. Horietako batzuk Bibat museora eraman dira orain, eta hemendik aurrera, bestelako elementuak ere izango dira bertan ikusgai. Adibidez, artzain txabola bat, XIX. mendeko logela bat edo XVIII. mendeko sukalde oso bat.  

Era berean, Arabako herri inauteriek leku berezia izango dute jauregian, bereziki, Zalduondo, Asparrena, Kuartango, Kanpezu eta Salcedo herrietakoak. Inauteri hauen historia ezagutzera emateko panelak, ikus-entzunezkoak eta mozorroak izango dira. 

Gainera, jauregiari izena ematen dion familiak badu bere txokoa. Izan ere, Juan Perez de Lazarraga da protagonista nabarmena, hain zuzen ere, euskaraz idatzita agertu den eskuizkribu zaharrena idatzi zuen idazlea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago