Lautadako Landa Garapenerako Agentziak eskualdeko hegaztien eta untxien hiltegia martxan jartzeko egin duen azterketak ondorioztatu du, kanpoko diru laguntzarik gabe, proiektua ez dela ekonomikoki bideragarria. 250.000 euroko inbertsioa eskatzen du, eta defizitarioa izango litzateke. Finantziazioa falta zaie. Haatik, eskualdeko hainbat oilasko-ekoizlek adierazi dute "gaindimentsionatuta" dagoela garapen-agentziak aurkeztu duen proiektua, eta nahikoa dutela 80.000 euroko hiltegi txikiagoarekin oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko.
Arabako oilaskoen eta untxien ekoizleek dituzten arazoak arintzeko egin dute proposamena Audikanako Orikitxa baserriko Marcelino Santiagok, Araiako Marutegi baserriko Diego GastaÒaresek eta Mezkiako Arangutxi baserriko Jose Galvezek, Arabako Batzar Nagusietako Nekazaritza batzordean. "Araban ez dago hegaztiak eta untxiak hiltzeko hiltegirik, Tafallara eraman behar ditugu animaliak, eta kostu handia suposatzen du; gainera uste dugu hiltegi txiki batek proiektu pilotu bezala funtzionatuko duela eskualdeko garapen ekonomikoari begira". Hala mintzatu da Orikitxa oilategiko arduraduna Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Santiagoren ustetan, "mikrohiltegi" batek eskualdeko eta Arabako ekoizleen beharrak ere aseko lituzke, eta datuak eman ditu: "Egin ditugun kalkuluen arabera, egunero, berrehun hegazti eta berrehun untxi hiltzeko gaitasuna duen hiltegi batek aise aseko ditu orain eta epe ertainera begira ditugun beharrak. Gure gain har dezakegun egitasmo bat da; asmo horren aldeko apustua egin dezakegu, baina administrazio publikoen babesa behar dugu".
Araiako Marutegi jatetxeko eta oilategiko GastaÒaresek Lautadako Garapen Agentziak egindako lana nabarmendu du: "Eskualdean dagoen arazo bat identifikatzeko balio izan du, untxien zein hegaztien hiltegia sortzea oso ideia ona da, baina birdimentsionatu behar dugu". Nabarmendu duenez, Lautadan bezala, herrialde osoan ere oilategiak dituzten dozenaka produktore txiki daude, "animaliak legez kanpo hiltzen dituzte, eta haientzat ere onuragarria izango litzateke proiektua". Eskualdearen garapenerako tresna bezala ikusten du Arangutxi baserriko arduradunak proiektua: "Bultzatzen ari garen tokiko merkatuen eta ekoizleen garapenean oso tresna garrantzitsua da".
Profesionalizazioa
Garapen Agentziak Lautadako nekazari eta abeltzainen artean egindako ikerketaren arabera, hegazti-hiltegi bat da bertako ekoizleen premia nagusietako bat. Gaur egun, ez dago hegaztiak hiltzeko zerbitzurik Euskal Autonomia Erkidegoan. Enpresa eta elkarte pribatu batzuek badituzte beren hiltegiak, baina horietatik kanpoko abeltzainek ezin dituzte erabili.
Egoera aztertuta, landa garapenerako elkarteak hiltegi bat jartzeko eskaera egin du. Oilaskoak eta bestelako hegaztiez gain, untxiak sakrifikatzeko ere balioko luke zerbitzu berriak, eta azpimarratu dutenez, "ekoizle askori haien jarduna profesionalizatzeko modua emango die".