Araiako alde zaharra oinezkoentzako izango da

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abe. 27a, 10:39

Asparreneko plan orokorra onartu du Udalak. AFA

Arabako Aldundiak Asparreneko hiri antolamendurako plan orokor berria onartu du. Horren barruan jasotzen da Araiako alde zaharra oinezkoentzako bihurtzea.

Asparreneko Udalak onartu eta Aldundiak berretsi duen hirigintza plan berriak etorkizunera begirako Araiako herrigunearen izaera finkatzen du eta bizileku gunearen garapena errazten du. Planak planteatzen du Araiako alde zaharra (herriko plazaren, elizaren, Iturbero pilotalekuaren eta Presalde kalearen ingurua) oinezkoentzako bihurtzea. Horrez gain, bide berriak egitea, beste aparkaleku batzuk eraikitzea eta zenbait kale zabaltzea ere proposatzen du. Era berean, oinezkoentzako ibilbide berriak jasotzen ditu, hala nola, Done Jakue bidea, Inaziotar bidea, Arabako Lautadaren inguruko GR-25a eta GR-282a edo Artzaintzaren naturbidea.

Finkatze horretan nabarmentzekoa da Ajuria-Urigoitiaren industria siderurgiko zaharraren birmoldaketa. Jarduera ekonomikoetarako lurzoruari dagokionez, finkatu egiten dira Asparreneko eta Donemiliagako lurzoruak, biak ala biak N-1 errepidearen inguruan, industria lurzoru hutsa sortu eta jalkinez betetzeko. 

Plan orokorrak, halaber, Araiako erdialdea ipar-hego zeharkatzen duen azpiegitura bat planteatzen du, Zirauntza ibaiaren parean ibai-parke gisa antolatzen duena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago