Puntu beltza da Zadorra ibaiaren Aguraingo zatia: azken hilabeteetan, ura behin eta berriz agertu da kutsatuta; gehienetan, apar-zuriz beteta. Arazoari konponbidea emateko, hitzarmena sinatu dute aste honetan erakundeek: 2020rako, ur-araztegi berria eraikiko dute Galzar industriagunean, zazpi milioitan aurreikusita.
Arabako Foru Aldundiak, Uraren Euskal Agentziak eta Aguraingo Udalak sinatu zuten asteartean lankidetza-hitzarmen berria. Izan ere, azken urteetan kutsadura handia jasan du Zadorra ibaiak Arabako Lautadan. Batetik, arauz-kanpoko ur-isurketa ugari egin dituzte Agurain inguruko enpresa batzuek, hondakin-urak aurrez tratatu gabe bota baitituzte errekara, tartean Aldanondo esneki-enpresak eta Celigüeta snack-egileak. Bestetik, arazo ugari eman ditu ur-araztegiak, zaharkituta gelditu baita 80. hamarkadako azpiegitura. Hala aitortzen du, bere neurri programan, Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoak (2015-2021).
Adituen dokumentuak jasotzen duenez, gaur egungo araztegia ez da nahikoa halako oinarrizko zerbitzu bat berme guztiekin emateko. Hori dela eta, bi-hiru urte barru egitura berria irekitzeko konpromisoa hartu du URA agentziak. Ordura arte, Udalak isurketa-araudia betearazi beharko du, eta uren saneamendu eta arazketa bermatu.
Araban, partzuergo berria
Diputazioari dagokionez, ur-partzuergo berri bat sortuko du Araba osorako; aurreratu dutenez, herriak boluntarioki atxiki ahal izango zaizkio erakunde horri.